Madrildik dator notizia…

abril 28, 2011

["Don Inorrez" kantua myspace gunean entzungai jarri dugu]

Ez gara lehiaketa zaleak. Sekula ez dugu lehiaketa batean izena eman. Eta ez dugu sarietan sinisten. Madrildik jakinarazi dute, ordea, “Premios de la Música” delakoan, “Mejor Canción en Euskara” jaso duela Don Inorrez abestiak. Beraz, beti pentsatu izan dugun berbera are ozenago esateko baliatuko dugu: ez dugu sarietan sinisten. Lehia baino ez du sustatzen. Eta hori ez da batere sanoa. Biziki eskertzen diegu gure alde bozka eman duten musikari, artista eta tunante guztiei. Fede onez egingo zuten eta eskertzekoa da, zinez. Baina sariak ez dira inoiz bidezkoak izanen. Horregatik ez dugu sarietan sinisten.

Dena den, guregatik jende asko poztu egin da (mezuak ugari dira gaurkoan, mila esker denei), eta gureak pozik ikustean gu ere pozik gaude. Ez dugu aurkakoa esango.

Eta ni sasi artean iratzarritako izurde bat naiz…
Aurretik izendatuak izan gara. Sari gutxi batzuetan. Baina orain arte ez dugu sekula saririk irabazi. Antza, orain Madrilera joan behar omen gara saria jasotzera. Hainbati gustura hartuko genieke kargu. Oso gogoan dugu Egunkaria itxi berritan, Fermin Muguruza joan zela sari hauxe bera jasotzera. Egunkariaren aldeko kamiseta soinean, atxilotutakoei eskaini zien saria eta bereak eta bi entzun behar izan zituen, haiek txistuak… Orain, gustura esango genieke txistuka egon ziren haiei: begira zein bidegabea izan zen itxiera hura eta zein bidegabeak orduko txistuak.

Zorionez, jende zoragarria ezagutu dugu han eta hemen. Bereziki gainera, musikarien artean. Beti ondo hartuak izan gara. Horregatik, saria jasotzera baino, Madril aldeko lagunak agurtu eta kontzertu bat ematera joango ginateke gustura. “Don Inorrez” zuzenean aurkeztera. Hori litzateke guretzat ederrena.

Arnasa har nezake baina ito egiten naiz…
Izan ere, musikariontzat, gero eta zailago dago dena. Kontzertuak antolatzea, zer esanik ez. Laster, kontzertuak egiteko kobratu baino ordaindu egin beharko dugu. Horregatik, eskertzekoa da oraindik orain kontzertuen alde lanean jarraitzen duten horien guztien ahalegina. Elgeta, Durango, Bilbo, Donostia edota Bermeoko Kafe Antzokiak; Sopelako Kurtzio, Markinako Uhagon, Azpeitiko San Agustin, Elorrioko Ateneoa edota Gasteizko Jimmy Jazzen moduko aretoak, Larrabetzu Gernika Berriatua Zarautz eta gainontzeko gaztetxe denak, Eskoriatzako Inkernu, Lakuntzako Sorgiñak edo Iruñeko Onki Xinen tankerako tabernak, London edota Bartzelonako Euskal Etxeak, Hatortxu Rock eta EHZuzenean festibalak…

Itsasoa hemen non dago…
Laster izango gara zuzenean berriro. Maiatzean, Bilboko Kafe Antzokian, Irungo Amaia Kultur Aretoan eta Iruñeko Onki Xinen izango gara “Don Inorrez” diskoa zuzenean aurkezten. Hor bai, hor sentitzen gara ondoen.

Laster arte lagunok!

ima peiremans eta joni colemans, toxic twins

PS. Don Inorrezen moduko galtzaile bat izendatu dute Onena. Ez al da bitxia?


“Poema baten barruan kabitzen den Aberria da nirea”

abril 24, 2011

Aberria norberak bere baitan
Daraman lur zatia baino ez da

Baina nire aberria
Irriño baten barruan kabitzen da

Oroitzapenez osaturiko aberria da nirea

Zurea eta nirea
Izenik gabeko adio isil bat askotan
Beti arte, ez dakit noiz arte bat
Baina arte bat

Horrelakoxea da nire gurazko aberria
Hutsa eta jendetsua
Boz minartua
Hurbil eta urruna
Bestelakotua
Ñimiñoa

Poema baten barruan kabitzen den
Aberria da nirea

Mikel Ibarguren

© Mikel Ibarguren

www.susa-literatura.com


Maiatza dantzan…

abril 13, 2011


Bide Ertzean taldearekin, hiru kontzertu eskainiko ditugu maiatzean. Eta hirurak jarraian. Otsailean eskaini beharreko bi data berreskuratuko ditugu, bide batez. Birus baten ondorioz, bertan behera utzi genituen Bilbo eta Iruñeko emanaldiak. Baina maiatzean kunplituko ditugu gaixotasunaren erruz bete ez genituen konpromiso haiek. Bidelagun jator eta atseginak izango ditugu, gainera, maiatza partean. Laster arte ba!

Maiatzak 26 osteguna
Bilbo Kafe Antzokian (San Vicente kalea, 2)
21:30h + Napoka Iria
Sarrerak aretoan salgai: Kafe Antzokia

Maiatzak 27 ostirala
Irun Amaia Antzokia (Pio XII, 4).
20:00h + Quique Gonzalez.
Sarrerak hemen salgai: www.kutxa.net

Maiatzak 28 larunbata
Onki Xin, Iruñea (Iratxe monastegia, 58).
00:00h Bide Ertzean Trio.
Sarrera doan. Onki Xin.


Seguir

Get every new post delivered to your Inbox.