Gorka Urbizu eta Toño Muro arituko dira gurekin Kursaalen

febrero 28, 2012

“Don Inorrez” (Gaztelupeko Hotsak) diskoarekin hainbat kontzertu eskaini ditugu. Eta Bide Ertzean barrena, inoiz baino gonbidatu gehiago izango ditugu bidelagun. Hatortxu Rock-en, esate baterako, bost lagun igo ziren gurekin kantatzera: Xabaltx, Naroa Gaintza, Aritz Deabruak, Gorka Urbizu (BTX) eta Toño Muro (Balerdi Balerdi).

Ostegun honetan, martxoak 1, amaituko da “Don Inorrez” bira Donostiako Kursaalen. Eta ohar honen bidez, nobedade bat iragarri nahi genuke: Kursaalen, birako azken kontzertuan, bi gonbidatu berezi arituko direla gurekin batera taula gainean. Gorka Urbizu kantaria eta Balerdi Balerdi taldeko Toño Muro kantaria.

Laster arte, lagunok!

BIDE ERTZEAN DON INORREZ, “THE LAST SHOW”
MARTXOAK 1 OSTEGUNA, 20:00 Kursaal Donostia
SARRERAK / Tickets:
Kursaal lehiatilan: 17:00-20:00.
Victoria Eugeniako salmenta puntuan: 11:30-13:30 / 17:00-20:00.
Internet: www.kutxa.net
Telekutxa: 943 00 12 00.


Don Inorrezi gero arte esateko garaia

febrero 15, 2012

Aurreko post batean genioenez, berezia izango da “Don Inorrez” birako azken kontzertua. Martxoaren 1ean osteguna, Bide Ertzeanekin Donostiako Kursaalen eskainiko duguna. Tira, ba berezitasun hori argudiatu asmoz edo, atzera begira jarriko gara une batez.

Zuzeneko diskoen ondorengo diskoek ez dute bide erraza izaten. Salbuespenak salbuespen, zuzeneko diskoak abesti ezagunen konpilazioak izaten baitira. Edota bira arrakastatsuen erakusgarri. “Don Inorrez” diskoa plazaratu genuenean, 2010eko irailaren erdialdean, kezka hori bera genuen. “Leidor Sessions” zuzeneko diskoaren oihartzuna oraindik nahikoa ozena baitzen (urtebete lehenago, 2009an plazaratua izan zen).
Gainera, “Don Inorrez” diskoan ez da “Leidor Sessions” zuzeneko grabazioaren arrabots hori, energia hori ageri. Bestelakoa da Hondartzan, Bost egun eman, Zurekin dantzatu nahi nuke edota San Josera bidean abestiek dakarten airea. Soka-orkestraren presentzia isila. Soiltasunaren indarra. Gutxirekin dena esateko gogoa.

Uste horrekin abiatu ginen, beraz, 2010eko udazkenean: “Don Inorrez” diskoa han eta hemen defendatzeko gogoz. Bide Ertzean ez da sekula arrakastaren harian ibili den talde bat izan. Bestelakoak izan dira gure kantuen ibilerak. Esan beharrik ez da. 1998tik hona, ordea, ibilbide bat osatzen joan gara. Batzuetan zuzen, besteetan oker. Baina bide horri jarraituz, orain arte arrotzak zitzaizkigun plazetara iritsi gara. Eta kasualitatea edo ez, baina “Don Inorrez” diskoarekin batera ailegatu zaigu Hatortxu Rock festibalean (Atarrabian) edota Donostiako Victoria Eugenia Antzokian nahiz Kursaalen jotzeko aukera. Bartzelonan nahiz Londonen aritzeko tenorea.

“Don Inorrez” biratxoa, bistan denez, oparoa eta ederra izan da. Azken urteotan hain ondo zaindu gaituzten tokietara itzultzeaz gain, toki berrietara eraman gaituelako. Baina Don Inorrezi gero arte esateko ordua iritsi dela uste dugu. Burua arindu eta ideia berriei ateak irekitzeko premia dugu. Beraz, urte eta erdi honetan batetik bestera ibili ondoren, biratxo honen azken geltokia Donostiako Gros partean iragarria dago. Gustu baduzue, Kursaalen ikusiko dugu elkar.


Sarrerak eskuratzeko gida modukoa

febrero 9, 2012

Don Inorrez ikusi dugu, Kursaal aldera bidean, antxeta rafaga batek akribilatua

Hiru aste geratzen dira. Hiru baino ez. Don Inorrez biratxoari amaiera emango diogu hiru aste barru, martxoaren 1ean osteguna, Donostiako Kursaalen. 2010eko irailean Bide Ertzeanen diskoak argia ikusi zuenetik hona, asko izan dira bizipenak, han eta hemen eskaini ditugun saioak. Denak izan dira bereziak, denak izan dira diferenteak. Eta Donostiako hau, Kursaalekoa ere, berezia izango da. Diferentea. Halabeharrez. Garai bat itxiko baitugu.
Sarrerarik eskuratu nahi bazenuke, hemen gida modukoa.

Kursaalen ere, zuekin dantzatu nahi genuke lagunok, laster arte!

DON INORREZ, “THE LAST SHOW”
MARTXOAK 1 OSTEGUNA, 20:00 Kursaal Donostia

Sarrerak eskuratzeko:
Kursaaleko leihatilan: Kontzertu edo ikuskizunen bat dagoen egun guztietan (17:00-20:00).
Victoria Eugenia leihatilan: Egunero (11:30-13:30 / 17:00-20:00)
Internet: www.kutxa.net
Telekutxa: 943 00 12 00.


PD. Hainbatek esan digute, arazoak dituztela sarrerak Internetez erosteko. Akaso, automatikoki agertzen diren lehiatilak blokeatuta izango dituzue zuen nabigatzailean.


Seguir

Get every new post delivered to your Inbox.