Belarmiñak, Joxi Ubedaren musika egitasmo berria

marzo 21, 2013

Hasiera hasieran, Joxi baino ez zen… Gero etorri ginen besteak. Ekimen berri batekin dator orain Joxi Ubeda. Ibarran egingo du aurkezpen “ofiziala”. Hauxe kartela. Belarmiñak entzuteko gogoz, aupa Joxi!!

Imagen

Joxi Ubeda kitarra akustikoarekin eta kantuan arituko den bitartean, Lobo Electrico taldeko kitarrista Iki Polikik kitarra elektrikoarekin lagunduko dio. Subegi elkartean abiatuko da egitasmo berria, han eta hemengo taula-gainetan segida izateko.

Joxi Ubeda

Joxi Ubeda, kantaria eta gitarra jolea Belarmiñak egitasmoan.

Iker Lopez

Iki Poliki (Iker Lopez), Belarmiñak taldeko gitarrajolea.

Esan beharrik ez dago Joxi Ubeda Toxic twinsen anaia dela, anaia zaharrena hain zuzen. Musikan egin dugun ibilbidearen erantzuletakoa bera da, zalantzarik gabe. Txikitan haren diskoak entzunez, haren afizioa gure egin genuen. Punk eztanda hartan egin zuen musika ibilbidea gertutik jarraitu genuen ere. Ume mukizuak ginela (13-16 urte) Tortura Sistematica edota Bukaera taldearen (Baxi Jupiter Jon taldekoa, gure beste anaia,  taldeko kide zen) kontzertuetara joaten ginen. Aho zabalik geratzen ginen talde haiei begira. Oso oso gazte ginela ezagutu genituen Andoaingo, Alegiko, Txaramako edota Tolosako gaztetxe mitikoak.

1989. urtea izango zen Tolosako San Esteban auzoan Toxic anaiak Joxi anaiaren entsealekura lehen aldiz musika egitera sartu ginenean. Hark bateriaren makilak hartu zituen, Imak kitarra eta mikroa ta Jonik baxua. Ez zen entsegu bakarra izan, hurrengoetarako ordea Tolosako dultzaineroekin atabala jotzen zebilen Inigo Arruti deitu genuen baterian aritzeko. Eta lehen pausu haietatik sortu zen gerora Deabruak Teilatuetan.

Hasiera haiek gogoan… berriro hasteko aukera duena Joxi Ubeda anaia da. Long life Belarmiñak!


Udaberriaren atarian, udazkenean pentsatzen…

marzo 13, 2013

bide ertzean

Orain urtebete izan zen. Donostiako Kursaalen eskaini genuen kontzertuarekin, bukatutzat eman genuen Don Inorrez bira. Beno, ez zen guztiz zuzena izan agur moduko hura. Hirukote bezala hainbat saio eman genituen ondoren, Euskal Herritik kanpo denak ere.
Denbora honetan guztian, “Ez zaitut abandonatuko” sentikaria abiarazi dugu Jon Benito idazlearekin (laster emango dugu aditzera beste emanaldiren bat).
Ah, kantu berri batzuk ere egin ditugu. Eta hori da, hain zuzen, gaurko idatziaren xedea: 2013ko udazkenean, disko berri bat plazaratuko du Bide Ertzean taldeak.
Oso pozik gaude abesti berriekin, gauza asko ditugu kontatzeko gainera, eta azalpenak emateko irrikitan gaude! Baina lanak ez ditugu oraindik amaitu. Dena den, xehetasun gehiago emateko moduan izango gara epe laburrean. Bien bitartean, segi bizkor lagunok!

PD: Zin dagigu eta hitza ematen dugu maizago berrituko dugula blog hau. Beno, ahal dugun heinean behintzat bai.

Argazkia: L. Mitxelena.


Iritsi dira notiziak

septiembre 18, 2012

Martxoaren lehenean amaitu zen Don Inorrez bira. Disko berri bat argitaratu bitartean, itzaleko lanetan aritzeko asmoa genuela azaldu genuen. Edo antzeko zerbait behintzat. Eta neurri batean, hala izan da. Disko berria izango dena prestatzen aritu gara uda partean eta, gauzak ondo bidean, 2013an ikusiko du argia Bide Ertzean taldearen lan berriak. Baina horri buruzko xehetasunak aurrerago emango ditugu.
Bestelako zereginetan bagabiltza azken bolada honetan eta horiek partekatu nahiko genituzke zuekin.

“Ez zaitut abandonatuko” sentikaria
Iragan udaberrian, Don Inorrez birari agur esan berritan, proposamen interesgarriak jaso genituen. Ezin ezetz esateko modukoak.
Bat dagoeneko burutu dugu: “Ez zaitut abandonatuko” sentikaria, Jon Benito idazle zarauztarrarekin batera taularatu duguna. Donostia Kultura eta Euskal Idazleen Elkartearen enkarguari gustura heldu genion eta, azken asteotan, hainbat saio egin ditugu (Tolosako Mescalen, Zarauzko Sortaldean eta Donostiako Victoria Eugenia Clubean). Galdu zenutenok, lasai. Beste saioren bat egiteko aukera egon daiteke. Hala bada, gu pozik! Emanaldi berririk balitz, jakinaraziko genuke hemen.

“Artistas en Ruta” bira
Bigarren proposamena Madril aldetik iritsi zen. AIE elkarteak “Artistas en Ruta” delako zikloa kudeatzen du (aurten, Etxepare Institutuarekin batera). Hiru hilabetez behin edo, epaimahai batek hainbat talde aukeratzen ditu. Ba 2012ko udazken-neguko zikloa osatzeko, Bide Ertzean izan da aukeratu duten taldeetako bat. Honi esker, lau kontzertu hauek eskainiko ditugu laster, Trio moduan:

2012.X.03 La Boca del Lobo, Madrid. 21:30h
2012.X.05 The Irish Rover, Salamanca. 22:00h
2012.X.19 Sala Baranda, O Barco (Ourense). 23:30h
2012.X.21 Harlem Jazz Club, Barcelona. 22:30h lehen saioa / 23:30h bigarren saioa

Madril, Salamanca, O Barco (Ourense) edo Bartzelonara hurbiltzen bazarete, trago bat gure kontu! Bestela ere, ikasketak edo lan kontuak tarteko, handik dabiltzanei abisua pasatzen badiezue, fabore galanta egingo zenigukete.

Besterik ez oraingoz. Besarkada bana eta laster arte! Nobedade gehiago ere izango dira laster batean, baina horiek aurrerago kontatuko ditugu.


Zaindu lagunok

marzo 2, 2012

Nola esan, nola adierazi… Eskerrik asko. Thanks. Merci. Gracias. Bira amaiera polita, Kursaalekoa. Berotasun handia sentitu genuen eta horrek indar handia eman digu. Zaindu lagunok. Izango duzue gure berri!

Argazkia: Oscar Alonso.


Gorka Urbizu eta Toño Muro arituko dira gurekin Kursaalen

febrero 28, 2012

“Don Inorrez” (Gaztelupeko Hotsak) diskoarekin hainbat kontzertu eskaini ditugu. Eta Bide Ertzean barrena, inoiz baino gonbidatu gehiago izango ditugu bidelagun. Hatortxu Rock-en, esate baterako, bost lagun igo ziren gurekin kantatzera: Xabaltx, Naroa Gaintza, Aritz Deabruak, Gorka Urbizu (BTX) eta Toño Muro (Balerdi Balerdi).

Ostegun honetan, martxoak 1, amaituko da “Don Inorrez” bira Donostiako Kursaalen. Eta ohar honen bidez, nobedade bat iragarri nahi genuke: Kursaalen, birako azken kontzertuan, bi gonbidatu berezi arituko direla gurekin batera taula gainean. Gorka Urbizu kantaria eta Balerdi Balerdi taldeko Toño Muro kantaria.

Laster arte, lagunok!

BIDE ERTZEAN DON INORREZ, “THE LAST SHOW”
MARTXOAK 1 OSTEGUNA, 20:00 Kursaal Donostia
SARRERAK / Tickets:
Kursaal lehiatilan: 17:00-20:00.
Victoria Eugeniako salmenta puntuan: 11:30-13:30 / 17:00-20:00.
Internet: http://www.kutxa.net
Telekutxa: 943 00 12 00.


Don Inorrezi gero arte esateko garaia

febrero 15, 2012

Aurreko post batean genioenez, berezia izango da “Don Inorrez” birako azken kontzertua. Martxoaren 1ean osteguna, Bide Ertzeanekin Donostiako Kursaalen eskainiko duguna. Tira, ba berezitasun hori argudiatu asmoz edo, atzera begira jarriko gara une batez.

Zuzeneko diskoen ondorengo diskoek ez dute bide erraza izaten. Salbuespenak salbuespen, zuzeneko diskoak abesti ezagunen konpilazioak izaten baitira. Edota bira arrakastatsuen erakusgarri. “Don Inorrez” diskoa plazaratu genuenean, 2010eko irailaren erdialdean, kezka hori bera genuen. “Leidor Sessions” zuzeneko diskoaren oihartzuna oraindik nahikoa ozena baitzen (urtebete lehenago, 2009an plazaratua izan zen).
Gainera, “Don Inorrez” diskoan ez da “Leidor Sessions” zuzeneko grabazioaren arrabots hori, energia hori ageri. Bestelakoa da Hondartzan, Bost egun eman, Zurekin dantzatu nahi nuke edota San Josera bidean abestiek dakarten airea. Soka-orkestraren presentzia isila. Soiltasunaren indarra. Gutxirekin dena esateko gogoa.

Uste horrekin abiatu ginen, beraz, 2010eko udazkenean: “Don Inorrez” diskoa han eta hemen defendatzeko gogoz. Bide Ertzean ez da sekula arrakastaren harian ibili den talde bat izan. Bestelakoak izan dira gure kantuen ibilerak. Esan beharrik ez da. 1998tik hona, ordea, ibilbide bat osatzen joan gara. Batzuetan zuzen, besteetan oker. Baina bide horri jarraituz, orain arte arrotzak zitzaizkigun plazetara iritsi gara. Eta kasualitatea edo ez, baina “Don Inorrez” diskoarekin batera ailegatu zaigu Hatortxu Rock festibalean (Atarrabian) edota Donostiako Victoria Eugenia Antzokian nahiz Kursaalen jotzeko aukera. Bartzelonan nahiz Londonen aritzeko tenorea.

“Don Inorrez” biratxoa, bistan denez, oparoa eta ederra izan da. Azken urteotan hain ondo zaindu gaituzten tokietara itzultzeaz gain, toki berrietara eraman gaituelako. Baina Don Inorrezi gero arte esateko ordua iritsi dela uste dugu. Burua arindu eta ideia berriei ateak irekitzeko premia dugu. Beraz, urte eta erdi honetan batetik bestera ibili ondoren, biratxo honen azken geltokia Donostiako Gros partean iragarria dago. Gustu baduzue, Kursaalen ikusiko dugu elkar.


Sarrerak eskuratzeko gida modukoa

febrero 9, 2012

Don Inorrez ikusi dugu, Kursaal aldera bidean, antxeta rafaga batek akribilatua

Hiru aste geratzen dira. Hiru baino ez. Don Inorrez biratxoari amaiera emango diogu hiru aste barru, martxoaren 1ean osteguna, Donostiako Kursaalen. 2010eko irailean Bide Ertzeanen diskoak argia ikusi zuenetik hona, asko izan dira bizipenak, han eta hemen eskaini ditugun saioak. Denak izan dira bereziak, denak izan dira diferenteak. Eta Donostiako hau, Kursaalekoa ere, berezia izango da. Diferentea. Halabeharrez. Garai bat itxiko baitugu.
Sarrerarik eskuratu nahi bazenuke, hemen gida modukoa.

Kursaalen ere, zuekin dantzatu nahi genuke lagunok, laster arte!

DON INORREZ, “THE LAST SHOW”
MARTXOAK 1 OSTEGUNA, 20:00 Kursaal Donostia

Sarrerak eskuratzeko:
Kursaaleko leihatilan: Kontzertu edo ikuskizunen bat dagoen egun guztietan (17:00-20:00).
Victoria Eugenia leihatilan: Egunero (11:30-13:30 / 17:00-20:00)
Internet: http://www.kutxa.net
Telekutxa: 943 00 12 00.


PD. Hainbatek esan digute, arazoak dituztela sarrerak Internetez erosteko. Akaso, automatikoki agertzen diren lehiatilak blokeatuta izango dituzue zuen nabigatzailean.


Seguir

Recibe cada nueva publicación en tu buzón de correo electrónico.