Ese Quique…

diciembre 28, 2009


Bilbon izan ginen larunbatean, bigarren asteburua jarraian (aurrekoan Barakaldon izan zen, baina tira…). Rock and rollaren deiari jarraituz hurbildu ginen Bilboko Kafe Antzokira. Luze joko luke azaltzea nondik datorkigun Quique Gonzalezekiko dugun lotura. Beraz, saioan erreparatuko dugu.
Daiquiri Blues bira hasieran daude eta akaso igarriko da hori. Taldekide berriak ditu orain Quiquek eta hori ere nabaria izango da. Aurreko bira oso goian amaitu baitzuen Quique Gonzalezek. Eta orain, denbora beharko dute elementu denak egokitzeko. Baina guretzat, festa modukoa izan zen Kafe Antzokikoa. Karaoke moment. Garagardo festa. Asko gozatu genuen kantu berriak lehen aldiz entzuten, zaharrak gogora ekarriz,…
Amaieran, gainera, Karlos atera zen bi kantu jotzera Quique eta Jakob baxujolearekin. Ze ona.
Gustura publikatuko genuke kontzertu ondorengo argazkiren bat, kamerinoetakoa edo, saioaren ondorenean, Azkenan egindako parrandatxoan bizitako momenturen batekoa. Baina ez ditugu. Pena. Edo eskerrak. Toxicetako bat balantza batean zebilen eta…
Quique saludatzen ibili ginenon artean topatu genituen Gari kantaria, Kirmen Uribe, Nauroa (Amaiur-Sokaide), Alex Munbrú saskibaloi jokalaria (fan total, ze ona)…
Biharamunean, igandez, Quiquek toki berean jotzen zuen. Joatekotan izan ginen, baina Quique berriz ikusteko gogoak otsaila arte gordeko ditugu… Donostian joko du otsailaren 20an Victoria Eugenia Antzokian. Han izango gara, okerrik ez bada behintzat! Aupa Quique!

Anuncios

Aupa ekipo!

diciembre 20, 2009

Lagun handiak egiteko bidea eta modua ematen du musikak. Beste gauza askotarako ere bai. Baina argazki hau lehen esaldiaren adibide ederra litzateke.
Joserra Senperena aspalditik ezagutzen genuen, musikari aparta eta geografikoki gure ingurukoa. Baina duela 7 urte edo Karlos Aranzegiri esker pertsonalki ezagutzeko aukera izan genuen. Eta begira nola diren gauzak, lagun handi eta taldekide da gaur egun Bide Ertzeanen. Orain baina, Fito eta Fitipaldisekin dabil biran. Eta bere VIP gonbidapenei esker izan ginen Barakaldoko BECen, pasa den larunbatean.
Txima luzekoa, aldiz, Carlos Raya produktore eta gitarra jolea da. Quique Gonzalezen bidez ezagutu genuen musikari madrildarra eta orain Fito eta Joserrarekin dabil biran. Tipo jatorra, musikari aparta eta ekoizle handia.
Argazkian, Amaiur taldeko kantari den Naroa ere ezagutuko duzue zuetako askok. Bera ere, udako kontzertu horietako batean ezagutu genuen eta gurekin batera animatu zen BECera. Eta Naroak bere ahizpak ekarri zituen berarekin. Par ederrak egin genituen kontzertu aurretik (Egunkariaren aldeko manifa eta geroko poteoan, Metroan gora eta behera…), kontzertuan bertan (batzuk borde jarri zitzaizkigun baina guri axolarik ez) eta kontzertuaren ondoren (kamerinoetan, irudia ere bertakoa da).
Bronka bota genien Joserra eta Carlos Rayari “Antes de que cuente diez” abestiarekin hasi zutelako saioa eta guk galdu egin genuelako, berandu iritsi guk, eta kantua entzun gabe joan behar, “ez da posible, ezin liteke!”.
Saio polita, konpainia ederra. Gutxi behar da ondo pasatzeko.

PD. Gure lagunak Athletic-eko nikia du jarrita baina Alkizaren izena darama atzean, beraz, Realekoa balitz bezala guretzat.
PD2. Ima da basoa eskuan duen bakarra, baina ez zen gau osoan horrela izan!


#Egunkaria #Libre

diciembre 18, 2009

#Egunkaria
2003ko otsailaren hogeian epaile baten aginduz hankaz gora jarri zen Justizia bera. Frogarik gabe Egunkaria itxi zuten. Egun gutxira jendetza bildu zen Donostian.

2009ko abenduaren hemeretzian epaileak frogak aurkitu ezinik dabiltza, Egunkaria itxita dago eta auziperatuak sasiepaiketa pairatzen ari dira.

#Libre
Egunkariaren alde jendetza bilduko da Bilbon. BECeko olatua, tsunamia bilakatuko da Bilbon. Esan, nahikoa esaten ari gara. Ekiteko garaia da. Bilbon, hasteko.

Erdu geugaz!


Tripolar

diciembre 18, 2009

Bi nortasun buru bakarrean sentitzen dutenei bipolar deitzen omen zaie. Baina hiru buru ezberdinetan nahasten direnei, nola deitzen zaie? Ba al da horrelakorik? Izenik ba al du gaitz horrek? Tripolar akaso? Horietakorik ba al da hor nonbait, konta iezaguzue arren, nola bizi duzuen, “zoriontsuak al zarete (…)? Kausitzen al duzue maitasunik sikiera zuen maitatuen arteko ehundiko hogeitabost edo hogeiaren baitan, ala hemen bezala mutu al diraute telefonoak, bihotz mortuak bailiren gauez gau bihotz mortuak bailiren etxeko laberintoaren azkeneko salan?”.

Bide Ertzeanekin hasi genuen astea, FNACen akustiko bat eskainiz. Ondoren, Gerniken Deabruok liluratuta geratu ginen Mursegoren saioarekin, Naroa Amaiurren kolaborazio estelarrarekin. Andoainen jarraitu genuen Deabruok, Joxi (Bukaera, Anima Vili) eta Gorka (Feos Pero Majos) bidelagun hartuta. Bukatzeko, Andoaingo gaztetxeko saioa Gorka Urbizurekin eta Peiremans+ taldearen mozorroarekin amaitu genuen.

Tripolar adeitsuok, zuek ere “zoriontsuak al zarete (…)? Kausitzen al duzue maitasunik sikiera zuen maitatuen arteko ehundiko hogeitabost edo hogeiaren baitan, ala hemen bezala mutu al diraute telefonoak, bihotz mortuak bailiren gauez gau bihotz mortuak bailiren etxeko laberintoaren azkeneko salan?”.


Trasteekin, batetik bestera

diciembre 7, 2009


Disko bat plazaratzean, promozio kontuak ere egin behar izaten dira. Diskogintzaren beste alor bat gehiago da, guretzat lan gustukoena ez izan arren. Bide Ertzeanekin halaxe gabiltza egunotan, Leidor Sessions CD-DVDa plazaratu genuenetik hona, promo kontuetan.

Hasiera batean, promozio-lan moduan hartu genituen era akustikoan egin beharreko saioak (bussiness munduan, showcase moduan ezagunak diren aurkezpenak). “Hiriburuetako saltoki handietan, hirukote moduan, bospasei kantu eta listo!”. Hori zen egin beharrekoa. Erraza zirudien. Zure diskoaz, zure lanaz, zure taldeaz hitz egiteko aitzakia. Zaletuengana hurbiltzeko aukera paregabea… Halako argudioak genituen zain. Guk, ordea, ohiko kontzertuak ditugu gustukoen (hain ondo ibili ginen azaro partean Bilboko Kafe Antzokian, Andoaingo Basteron eta Bergarako Zabalotegin). Horretan ginen, promo kontuekin batetik bestera hirukote moduan mugitzen hasi ginen arte.

Dagoeneko Bilbo, Baiona eta Iruñeko saioak egin ditugu. Emanaldiz emanaldi, ontzen joan da hirukotearen lana, fintzen, borobiltzen… Eta orain, gure harridurarako, asko gozatzen ari gara hirukote moduan. Dosi txikiko saioak dira –Iruñean sei kantu eskaini genituen–, baina era akustikoan aritzeak ere badu bere xarma. Gainera, oinarrira itzultzea bezala izan da. Bide Ertzeanen ibilbidea horrela hasi baitzen, hirukote moduan, eta kantu berriak ere aspaldi honetan horrela abiarazi ohi ditugu.

Datorren hitzordu akustikoa abenduaren 9an asteazkena izango dugu, Donostiako FNAC saltokian arratsaldeko 19:00etan hasita. Gustu baduzue, han izango gaituzue, gu eguna iristeko zain gaude behintzat. Zubiaren ondorengo ajearekin bada ere.

PD. Promozio kontuak aipatzen hasita, asteburuan Durangoko Azokan izan gara. Ahotsenearen aterpean harrera ederra egin ziguten. Han izan ginen CD-DVDaz hizketan, Entzuneko kazetari baten laguntzaz. Baina zuzenean aritzeko aukera ere izan da Ahotsenean. Behingoz, sortzaileentzat gune aproposa aurkitu dugu Durangon. Zorionak eragileei eta eutsi goiari!


Zaharra baina ederra da Antzoki Zaharra

diciembre 1, 2009

Dock of the Bay 3 jaialdia ospatu berri da. Donostian, zinea eta musikarekin lotutako festibala. Ostiralean, Antzoki Zaharrean eskaini zuten “Leidor Sessions” DVDaren edizio berezia, 60 minutuko laburpena, Betacam digital euskarrian. Eta hantxe azaldu ginen hirukote fantastikoa: Toxic Twins eta Crazy Cymbal.

Arratsalde mugitua izan genuen. 17:30ean Baionako Elkar dendan ginen, akustikoa eskaintzen. Eta 19:00etarako Antzoki Zaharrera azaldu behar genuen! Larri samar baina garaiz iritsi ginen Antzoki Zaharrera. Ongi etorri beroa egin ziguten festibaleko arduradunek eta Miren Aperribay Modus Operandiko kidearekin batera igo ginen oholtza gainera. Aurkezpen labur baten ondoren, urduritasunez baina umorea galdu gabe jarraitu genuen proiekzioa.

Proiekzioaren ondoren, Tolosatik etorritako lagunekin batera trago batzuk hartu genituen Alde Zaharrean eta, ordu txikitan, Egiako Bukowsky tabernara jo genuen. Giro ederra topatu genuen bertan…

Biharamunean, biharamunarekin, Antzoki Zaharrera, Johnny Cashen pelikula ikustera. Ederra, bai horixe! Larunbatean baina, txintxo txintxo ibili ginen. Amaitu baino lehen, Zorionak Dock of the Bay 3 festibaleko denei eta eutsi goiari!

Ez ahaztu Bide Ertzeanekin ditugun gainontzeko hitzorduak:
Abenduak 02 Asteazkena. Iruñea, Elkar. Akustikoa. 19:00
Abenduak 05 Larunbata. Durango, Ahotsenea. Aurkezpena. 17:00.
Abenduak 09 Asteazkena. Donostia, Fnac. Akustikoa. 19:00.
Abenduak 17 Osteguna. Gasteiz, Elkar. Aurkezpena. 19:00.