Bostak berriro taula gainean, urte berrian

Bide Ertzean

Beran, Eskoriatzan, Lazkaon,… azken emanaldietan Bide Ertzean Trio modura aritu ondoren hurrengo hilabetean bostak berriro taulagainean arituko gara. Urtea bete da Fran Iturbe agurtu genuela, 2011ko abenduaren 16an Victoria Eugeniako emanaldi gogoangarria eskaini eta gero. Don Inorrez diskoaren aurkezpen emanaldi sortaren amaiera izan zen hura. Gauerdia atzean utzi genuen Be Bop-etik aterata elkar agurtu genuenean. “Ez dakigu noiz arte bat” modukoa izan zen. Ez dakigu noiz arte hori, nolanahi ere, ez da sekula batere dramatikoa izan guretzat. 1998an lehen bost kantuak grabatu genituenean ere, ez genekien noiz artekoa izango zen gure ibilbidea. Zalantzaz beterik ekin genion, eta dagoeneko hamahiru urte igaro dira.

Urruti dauka bizitokia Fran Iturbek, Los Angelesen hain zuzen. Urte osoa eman dugu bera gabe, Don Inorrez han eta hemen aurkezten. Hainbatetan Joserra Senperenarekin batera. Eta beste hainbatetan Bide Ertzean trio modura.

2012ko urtarrileko zuzenekoei begira, dagoeneko kantutegia prestatzen gabiltza. Halako babesa sentitzen da musika elementu gehiagorekin, Joserra eta Fran bakoitza berean maisu direnean gainera. Sendo eta ozen entzungo ditugu, ezker eskuin, Hammond B3 organoaren eta Gibson SG kitarraren hotsak. Horregatik bakarrik urte berria iristear zain gaude!

Urte olinpikoan sartuko gara. Guretzat, bestalde, data seinalatua da. Izan ere, iristear den urtean Joserra Senperena gutar egin genuela hamar beteko dira. Maite out diskoarekin hasi zuen ibilbidea gurean eta, geroztik, diskoz disko bosgarren kidean bilakatu da. Pianoa, organoa, akordeoia, sintetizadoreak, wurlitzer-a,… mundu berrian murgildu gintuen gu. Kantuak eta diskoak, zer esanik ez, edertu eta aberastu dituela argi dago.

Joserra Senperenarekin eta Fran Iturberekin lau emanaldi eskainiko ditugu urtarrilean. Hauexek data zehatzak:

2012.1.06. Atarrabia (Nafarroa), Hatortxu Rock + Kerobia. 21:30.
2012.1.07. Andoain, Bastero. 22:00.
2012.1.08. Elgeta, Espaloia. 19:00.
2012.1.13. Eibar, Coliseum + Mursego. 22:00.

Don Inorrez disko berrienaren inguruko azkenaurreko saioak direla esan genezake. Hortxe-hortxe, urte eta erdiko zikloa beteko da 2012ko martxoaren 1ean Kursaalen eskainiko dugun saioarekin. 2010eko azaroan lehen emanaldia eskaini genuen Gasteizen, eta azkena Donostian izango da. Izan ere, udaberritik aurrera lan berria prestatzeari ekingo diogu. Asmoa oraingoz, asmo hutsa da. Egun hauetan buruan eta bihotzean duguna bakarra delako: boskotean eskainiko ditugun emanaldiak. Gonbidatuta zaudete.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: