Belarmiñak, Joxi Ubedaren musika egitasmo berria

marzo 21, 2013

Hasiera hasieran, Joxi baino ez zen… Gero etorri ginen besteak. Ekimen berri batekin dator orain Joxi Ubeda. Ibarran egingo du aurkezpen “ofiziala”. Hauxe kartela. Belarmiñak entzuteko gogoz, aupa Joxi!!

Imagen

Joxi Ubeda kitarra akustikoarekin eta kantuan arituko den bitartean, Lobo Electrico taldeko kitarrista Iki Polikik kitarra elektrikoarekin lagunduko dio. Subegi elkartean abiatuko da egitasmo berria, han eta hemengo taula-gainetan segida izateko.

Joxi Ubeda

Joxi Ubeda, kantaria eta gitarra jolea Belarmiñak egitasmoan.

Iker Lopez

Iki Poliki (Iker Lopez), Belarmiñak taldeko gitarrajolea.

Esan beharrik ez dago Joxi Ubeda Toxic twinsen anaia dela, anaia zaharrena hain zuzen. Musikan egin dugun ibilbidearen erantzuletakoa bera da, zalantzarik gabe. Txikitan haren diskoak entzunez, haren afizioa gure egin genuen. Punk eztanda hartan egin zuen musika ibilbidea gertutik jarraitu genuen ere. Ume mukizuak ginela (13-16 urte) Tortura Sistematica edota Bukaera taldearen (Baxi Jupiter Jon taldekoa, gure beste anaia,  taldeko kide zen) kontzertuetara joaten ginen. Aho zabalik geratzen ginen talde haiei begira. Oso oso gazte ginela ezagutu genituen Andoaingo, Alegiko, Txaramako edota Tolosako gaztetxe mitikoak.

1989. urtea izango zen Tolosako San Esteban auzoan Toxic anaiak Joxi anaiaren entsealekura lehen aldiz musika egitera sartu ginenean. Hark bateriaren makilak hartu zituen, Imak kitarra eta mikroa ta Jonik baxua. Ez zen entsegu bakarra izan, hurrengoetarako ordea Tolosako dultzaineroekin atabala jotzen zebilen Inigo Arruti deitu genuen baterian aritzeko. Eta lehen pausu haietatik sortu zen gerora Deabruak Teilatuetan.

Hasiera haiek gogoan… berriro hasteko aukera duena Joxi Ubeda anaia da. Long life Belarmiñak!


Udaberriaren atarian, udazkenean pentsatzen…

marzo 13, 2013

bide ertzean

Orain urtebete izan zen. Donostiako Kursaalen eskaini genuen kontzertuarekin, bukatutzat eman genuen Don Inorrez bira. Beno, ez zen guztiz zuzena izan agur moduko hura. Hirukote bezala hainbat saio eman genituen ondoren, Euskal Herritik kanpo denak ere.
Denbora honetan guztian, “Ez zaitut abandonatuko” sentikaria abiarazi dugu Jon Benito idazlearekin (laster emango dugu aditzera beste emanaldiren bat).
Ah, kantu berri batzuk ere egin ditugu. Eta hori da, hain zuzen, gaurko idatziaren xedea: 2013ko udazkenean, disko berri bat plazaratuko du Bide Ertzean taldeak.
Oso pozik gaude abesti berriekin, gauza asko ditugu kontatzeko gainera, eta azalpenak emateko irrikitan gaude! Baina lanak ez ditugu oraindik amaitu. Dena den, xehetasun gehiago emateko moduan izango gara epe laburrean. Bien bitartean, segi bizkor lagunok!

PD: Zin dagigu eta hitza ematen dugu maizago berrituko dugula blog hau. Beno, ahal dugun heinean behintzat bai.

Argazkia: L. Mitxelena.