Hain makurra da dena oraindik

Aste Santua. Opor egunak dituzu, baina ez zara inora joan. Etxe inguruan geratu zara. Ostiral Santuan izebarengana joan zara bazkaltzera. Sartu eta berehala hasi zaizu hizketan, adinduek urduri jartzen direnean egiten duten moduan. Nahasi antzean. Ez duzu gauza handirik ulertu hasieran. “Que han aparecido unos cuerpos en Alsasua, a ver si te enteras de algo más”. Bere aitonaz ari zaizu. Birraitonaz, alegia.
Izebaren mandatuari jarraituz, hasi zara eskuko telefonotik han eta hemen begira.

Gerra Zibileko 10 fusilaturen gorpuak aurkitu dituzte Urbasan

Espainiako Gerra Zibilean hildako 10 lagunen gorpuak aurkitu dituzte orain arte Urbasako mendikatean, Aranzadi Zientzia Elkarteak abiatutako indusketetan. 1936an hildako Balbino Garcia de Albizuren ilobak aitonaren gorputza lurpetik ateratzeko eskaera egin ostean, elkarte hori zonaldean hondeatzen hasi da.
Laster, gorpuzki gehiago aurkitu dituzte, eta identifikazioa egin ostean, hamar lagunen gorpuzkiak direla ondorioztatu dute. Horietako hiruk tiro zauriak zituzten buruan. Adituek diotenez, litekeena da 1936an fusilatuak izatea eta, ondoren, amildegira bota izana.

Tragediaren sinbolo
Aurkitutako objektuen artean lapitz bat dago, familia hauen borrokaren sinbolo bihurtu dena. “Lapitz honekin, jabeak ideiak eta sentimenduak adierazi zituen, eta hori guztia altxamendu militarrarekin amaitu zen”, azaldu du Paco Etxebarria Aranzadi Elkarteko presidenteak, “guztien tragediaren isla da lapitz hau, eta orain, XXI. mendean, istorio hau idazten jarraitzea gure ardura da: hori da garrantzitsuena” (…).

Senitartekoen laguntza
Lur azpitik 10 metrora, arkeologoak lana zorrotza ari dira egiten. Aurkitutako objektu eta arropa guztiak ari dira aztertzen hildakoaren identitatearen gainean informazioa eskaini ditzaketelako. Amildegitik ateratako hezurrak laborategira eramango dituzte eta bertan, senitartekoen laguntzarekin, gorpuzkiak identifikatuko dituzte.

Olga Alcega Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko presidenteak azaldu duenez, “ilusioa handia da, baina mina ere handia da; hezurrak eta tiroak ikusteak mina eragiten digu, baina aldi berean ilusio handia da, urteak daramatzagulako senitartekoak bilatzen”. “Haiek berreskuratzeak esanahi handia dauka guretzako”, ondorioztatu du Alcegak.
Iturria: eitb.com

Urbasa1

Oporrak amaitu berri, Asociación de Familiares de Fusilados y Desaparecidos de Navarra 1936 elkartekoekin jarri zara harremanetan. Gorpuzkinekin batera zakurren hezurrak ere badirela adierazi dizute. Zakurrak bizirik botako zituztela seguruenik, hezurrak kraskatuta ageri direlako. Errepublizaleen arrastorik gera ez zedin, horregatik bota zituztela zakurrak bizirik. Hasieran ez zara jabetu. Ondoren jarri zaizu espantu aurpegia, telefonoa eskegi eta hitz egindakoa paper mutur batean idazten hasi zarenean. Igual oker daude, pentsatu duzu. Baina ezin izan duzu irudia burutik kendu.

Dena den, itxaropena ez galtzeko, hori ere esan dizu fusilatuen senideen elkarteko kideak. Akaso gorpuzkin horietako bat izan daitekeela birraitonarena. Hori jakiteko, ordea, ahalik eta informazio gehien beharko dutela Aranzadikoek. Lanbidea eta adina, bereziki. “Abarkekin agertu den bat, nekez izan daiteke epaitegiko idazkari”, hala esan dizu. Eta horixe zen birraitona. José Ubeda Sánchez. Altsasuko epaitegiko idazkari, UGTko kide. 51 urterekin atxilo eraman zuten eta Urbasan desagerrarazi ei zuten.

Navarra 1936, de la esperanza al terror (Altaffaylla Kultur Taldea, 1986) liburuan topatu duzu birraitonaren adina. Non dira (Gaztelupeko Hotsak, 2006) diskoa prestatzerakoan, hainbatetan orrikatu zenuen liburuan. Ia ahazturik zenuen beste pasarte ikaragarri bat ere irakurri duzu, berriro: “Quizás, para evitar el inconveniente de los enterramientos, en días posteriores se suceden asesinatos en Alsasua con una crueldad desconocida hasta entonces: los detenidos son arrojados, algunos de ellos simplemente heridos, a las simas de Urbasa. Corrieron esta triste suerte Emilio García, Adelino Gil, un vendedor de periódicos medio ciego y que al parecer confundieron con José Ubeda Sánchez que arrojaron a la sima al día siguiente; Víctor Urquijo, padre de ocho hijos y destacado socialista, al que sacaron de la fábrica de cementos y lo llevaron derecho a la sima”.

Urbasa2

Betidanik entzun duzu etxean. Jende asko bota zutela Urbasako amildegietan behera. Orain atera dituzte hamar gorpuren arrastoak. Baina berrehundik gora izan daitezkeela, leize horietan barrena bota zituztenak. Zergatik ez da horrelako aurkikuntzarik abiarazi lehenago? Non izan dira orain arte instituzioak? Eta zertan dira instituzio publiko horiek oraintxe bertan? Nafarroakoak zein Espainiakoak? Babesa agertzera azaldu al dira sikiera? Desagertutako eta fusilatutakoen senitartekoen elkartea da egunotan Urbasakoa ikertzen ari dena; eta bere aginduz, Aranzadi elkartea da lanean ari dena. Kito.

36ko gerra bolo-bolo dabil oraindik hedabideetan. Eta egia da, sentsibilizazio mailan urrats handiak eman dira. Baina praktikan, gauzak ez dira hainbeste aldatu. Egunak badoaz, ordea, gero eta zaharragoak dira izeba eta aita, eta gero eta astunagoa zaie hau guztia. Baina ez dute etsi nahi. Ezin dute. Aitonaren gorpuzkinak isiltasunaren leizetik atera eta etxekoekin batera hilobiratu nahi dituzte, duintasunez. Hori baino ez dute nahi. Ez da hainbeste. Baina oraindik ere, hain makurra da dena.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: