Hilabete eskas falta da

enero 31, 2012

Don Inorrez birari amaiera emateko hilabete eskas falta da.
Blog honetan aspaldi iragarri genuen moduan, Donostiako Kursaalen izango da azken saioa. Despedidea. Horrek ez du esan nahi Bide Ertzean taldearen ibilbidea amaitzera doanik. Ezta gutxiagorik ere.
Ideia berriei heltzeko irrikitan gaude. Baina lehenik eta behin, 2010eko irailean abiatu genuen abenturari amaiera polit bat eman nahi genioke: martxoaren 1ean osteguna, 20:00etan Kursaal aretoan. Sarrerak dagoeneko salgai: www.kutxa.net

Hilabete eskas falta den honetan, atzera begira jarri gara eta, tira, pausaleku batzuk izan ditu gure biratxoak. Orain arte arrotzak zitzaizkigun plaza batzuetan jotzeko aukera paregabea izan dugu; eta aurretik ere bisitatu izan ditugun hainbat tokietara itzultzeko deia jaso dugu.

Batzuetan eta besteetan, Don Inorrez diskoa izan da errepertorioko zutabe nagusia. Ez bakarra, aurreko diskoetako kantuentzat tarterik ere izan baita. Despedidean, Kursaalen ere hala izango da.

“Itsasoa hemen non dago?” kantuz galdetzen digu Don Inorrezek. Ba itsasoratzeko toki ederra topatu diogu, Donostian, Zurriolako hondartzaren aldamenean dagoen Kursaal auditorioan.

Esan beharrik ez da. Martxoaren 1ekoa ez da beste emanaldi bat gehiago izango. Birako azkena baizik. Horrek suposatzen duen guztiarekin.

Don Inorrez biratxoa, 2010-2012

2010.IX.28. Donostia. Fnac. Diskoaren aurkezpena.

2010.X.28. Gasteiz. Elkar. Showcase/akustikoa.
2010.XI.10. Baiona. Elkar. Showcase/akustikoa.
2010.XI.17. Iruñea. Elkar. Showcase/akustikoa.
2010.XI.25. Bilbo. Fnac. Showcase/akustikoa.

2010.XI.29.
Gasteiz. Luis Aranburu aretoa.

2010.XII.07.
Durango. Plateruena Kafe Antzokia.

2010.XII.10.
Bermeo. Kafe Antzokia.

2010.XII.11.
Bartzelona. Euskal Etxea.

2010.XII.16.
Donostia. Victoria Eugenia Antzokia.

2011.I.22.
London, UK. Oxford House.

2011.I.28.
Azpeitia. San Agustin kulturgunea.

2011.II.5.
Markina-Xemein. Uhagon kulturgunea.

2011.III.11.
Lakuntza. Sorgiñak.

2011.III.25.
Sopela. Kurtzio Kultur Etxea.

2011.V.26.
Bilbo. Kafe Antzokia.

2011.V.27.
Irun. Amaia Antzokia.

22011.V.28.
Iruñea. Onki Xin.

2011.VI.09.
Iruñea. Erraldoien Txokoa.

2011.VI.10.
Larrabetzu. Hori bai gaztetxea.

2011.VIII.1.
Zuhatzu-Kuartango. Igerilekua.

2011.IX.4.
Berriozar. Bizkargain Plaza.

2011.IX.16.
Tolosa. Topic aretoa.

2011.XI.5.
Gaztelu. Kultur Astea.

2011.XI.25.
Bera. Kataku.

2011.XII.2.
Eskoriatza. Plaza.

2012.I.6.
Atarrabia. Hatortxu Rock.

2012.I.7.
Andoain. Bastero kulturgunea.

2012.I.8.
Elgeta. Espaloia Kafe Antzokia.

2012.I.13.
Eibar. Coliseo antzokia.

2012.III.1.
Donostia. Kursaal. Last show. 20:00h.


Don Inorrez diskoaren despedidea…

enero 17, 2012

Aupa lagunok! Gogotsu hasi dugu urtea. Agindu bezala, oholtza gainean. Mezu honetako lehen lerroak, beraz, Hatortxu Rock, Andoaingo Bastero, Elgetako Espaloia Kafe Antzokia eta Eibarreko Coliseum antzokira gu ikustera hurbildu diren guztientzat. Eta bide batez, zuzenean ala zeharka, emanaldi horiek antolatzen lanean aritu diren guztiei.

2010eko irailean aurkeztu genuen Bide Ertzean taldearekin Don Inorrez diskoa. Geroztik, hainbat emanaldi eskaini ditugu. Lan honi esker, orain arte arrotzak zitzaizkigun plazetan aritzeko aukera izan dugu eta, nola ez, biziki maite ditugun aretoetara itzultzeko bidea ere eman digu Don Inorrezek. Urte eta erdiz errepertorio hau defendatu ondoren, bira honi amaiera emateko tenorea iritsi zaigu. Donostiako Kursaalen eskainiko dugu azken kontzertua: martxoaren 1ean osteguna, arratsaldeko 20:00etan. Bistan denez, ez da beste emanaldi bat gehiago izango. Berezia izango da, zentzu askotan gainera. Baina horretaz aurrerago mintzatuko gara.

Hori esateko idatzi dugu honako mezua: “Don Inorrez” bira datorren martxoaren 1ean amaituko dela, Donostiako Kursaalen. Eta dagoeneko sarrerak salgai daude. Hauxe tiketak eskuratzeko esteka zuzena.

Bide Ertzean Don Inorrez / Bira amaiera / Fin de gira / The last show
Ima Ubeda Fran Iturbe Joserra Senperena Karlos Aranzegi Joni Ubeda
2012.III.01. Kursaal, Donostia. 20:00. Tickets in: www.kutxa.net


Asteburu itzelaren ondoren, Eibarren dugu datorren hitzordua

enero 9, 2012

‎”Bizi gara, bizi gara”… Asteburu itzelaren ondoren, bizi gara! Urtarrilaren 6an Kerobiarekin batera Hatortxu Rocken aritu ondoren, oso gustura egon ginen biharamunean Andoaingo Bastero Kulturgunean. Maite dugun aretoa da Andoaingoa. Eta asteburuari amaiera ederra eman genion atzo Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Nahi baino gehiago luzatu zen gaua. Ondoegi zaintzen gaituzte Elgetako lagunek, besarkada bana! Ostiral honetan, Eibarren gaude, Coliseo aretoan, Mursegorekin batera 20:30etik aurrera. Gustu baduzue…

URTARRILAK 13 OSTIRALA
Coliseo aretoa, Eibar (20:30) BIDE ERTZEAN + Mursego


Bide Ertzean, “The January Sessions”

enero 2, 2012

Aupa lagunok! Hamabostaldi polita dugu aurretik. Serio demonio aritu gara entseatzen eta, orain, Bide Ertzeanekook oholtza gainera igo eta gozatu baino ez dugu egin nahi.

Hatortxun lehenbizi
Lehen kontzertua Atarrabian eskainiko dugu, Kerobiarekin batera. Era honetan, Hatortxu Rock-era itzuliko gara urtarrilaren 6an ostirala. 2008an izan ginen, Deabruekin, “1973” diskoaren aurkezpen birarekin batera. Eta beste behin itzuli ginen, 2009an, Hatortxuren 10. urtemugan. Honakoan, ordea, Bide Ertzean taldearekin goazen lehen aldia izango da eta “Badator eguna” inoiz baino ozenago abesteko gogoz bertaratuko gara. Gainera, berezia izango da. Gonbidatuak ere bidelagun izango baititugu Hatortxuko saioan: Gorka Urbizu, Naroa Gaintza, Aritz Deabruak, Toño Balerdi Balerdi… Eta keinu txiki bat egingo diogu Deabruak Teilatuetan taldeari ere.

Basteron, biharamunean
Biharamunean, urtarrilaren 7an larunbata, Andoaingo Bastero Kulturgunera itzuliko gara. Azken diskoak bertan aurkezteko aukera izan dugu eta beti bezala, oso gustura bueltatuko gara Andoaingo areto eder horretara.

Elgetako lagunak
Txintxo ibili beharko dugu Atarrabian eta Andoainen, urtarrilaren 8an Elgetarako bidea hartu behar dugulako. Areto polita Espaloia Kafe Antzokia. Aretoa bezain beste edo gehiago maite ditugu Elgetan ditugun lagunak. Aurretik izan gara, baina urtarrilaren 8an boskote moduan arituko gara lehen aldiz. Eta boskote moduan ere arituko gara gainontzeko saioetan ere.

Banpiro gaua Eibarren
Urtarrilaren 13a, viernestrece izanik ere, Mursegorekin joko dugu Eibarren. Banpiro gauarekin itxiko dugu urte hasierako biratxoa. Deabruak zaindu gaitzala egunotan!


BIDE ERTZEAN, “DON INORREZ”

URTARRILAK 6 OSTIRALA 
Hatortxu Rock, Atarrabia (22:00) + Kerobia

URTARRILAK 7 LARUNBATA
Bastero Kulturgunea, Andoain (22:00)

URTARRILAK 8 IGANDEA 
Espaloia Kafe Antzokia, Elgeta (19:00)

URTARRILAK 13 OSTIRALA
Coliseo aretoa, Eibar (20:30) + Mursego

 

PS. Mezu honen aurreko mezua abenduaren 28an argitaratu genuen. Nahikoa pista ez bada hori, badaezpada esango dugu: ez dela benetakoa bertan esaten dena…


Deabruak Teilatuetan, berriz ere estudioan

diciembre 28, 2011


Gabonetako tartea aprobetxatuz, deabruak teilatuetan taldeko kideak berriz elkartu dira. Non eta Garate estudioetan. Gabonetako kantuz osaturiko disko bat grabatzen ari dira egunotan. Tolosako laukotearentzat, hauxe izango da bertsioz osaturiko lehen diskoa. Presarik gabe ari dira grabatzen eta 2012ko udazkenean emango dute argitara. Autoekoizpena izango da baina diskoaren irabazi guztiak 1512 fundazioarentzat izango dira.

Gonbidatuak ere izango dira. Hauek dira egunotan estudiotik igaroko direnak:

“Ai au gauaren zoragarria”, Gu ta gutarrakekin

“Abenduko hilaren 24ean”, Jupiter Jon taldekoekin

“Ale Ken” (Alaken cover), Giorgio Bassmattirekin

“Trakatran 3 errege”, Tric3ps taldearekin

“Dios te salbe”, Evaristo Gatillazorekin

“Horra Mari Domingol”, Peiremans+ taldekoekin

“Pim pam pum” (Din dan don cover), Etsaiak taldekoekin

Berri gehiago laster.

Irudian, Aritz ahotsak grabatzen.


Bostak berriro taula gainean, urte berrian

diciembre 18, 2011

Bide Ertzean

Beran, Eskoriatzan, Lazkaon,… azken emanaldietan Bide Ertzean Trio modura aritu ondoren hurrengo hilabetean bostak berriro taulagainean arituko gara. Urtea bete da Fran Iturbe agurtu genuela, 2011ko abenduaren 16an Victoria Eugeniako emanaldi gogoangarria eskaini eta gero. Don Inorrez diskoaren aurkezpen emanaldi sortaren amaiera izan zen hura. Gauerdia atzean utzi genuen Be Bop-etik aterata elkar agurtu genuenean. “Ez dakigu noiz arte bat” modukoa izan zen. Ez dakigu noiz arte hori, nolanahi ere, ez da sekula batere dramatikoa izan guretzat. 1998an lehen bost kantuak grabatu genituenean ere, ez genekien noiz artekoa izango zen gure ibilbidea. Zalantzaz beterik ekin genion, eta dagoeneko hamahiru urte igaro dira.

Urruti dauka bizitokia Fran Iturbek, Los Angelesen hain zuzen. Urte osoa eman dugu bera gabe, Don Inorrez han eta hemen aurkezten. Hainbatetan Joserra Senperenarekin batera. Eta beste hainbatetan Bide Ertzean trio modura.

2012ko urtarrileko zuzenekoei begira, dagoeneko kantutegia prestatzen gabiltza. Halako babesa sentitzen da musika elementu gehiagorekin, Joserra eta Fran bakoitza berean maisu direnean gainera. Sendo eta ozen entzungo ditugu, ezker eskuin, Hammond B3 organoaren eta Gibson SG kitarraren hotsak. Horregatik bakarrik urte berria iristear zain gaude!

Urte olinpikoan sartuko gara. Guretzat, bestalde, data seinalatua da. Izan ere, iristear den urtean Joserra Senperena gutar egin genuela hamar beteko dira. Maite out diskoarekin hasi zuen ibilbidea gurean eta, geroztik, diskoz disko bosgarren kidean bilakatu da. Pianoa, organoa, akordeoia, sintetizadoreak, wurlitzer-a,… mundu berrian murgildu gintuen gu. Kantuak eta diskoak, zer esanik ez, edertu eta aberastu dituela argi dago.

Joserra Senperenarekin eta Fran Iturberekin lau emanaldi eskainiko ditugu urtarrilean. Hauexek data zehatzak:

2012.1.06. Atarrabia (Nafarroa), Hatortxu Rock + Kerobia. 21:30.
2012.1.07. Andoain, Bastero. 22:00.
2012.1.08. Elgeta, Espaloia. 19:00.
2012.1.13. Eibar, Coliseum + Mursego. 22:00.

Don Inorrez disko berrienaren inguruko azkenaurreko saioak direla esan genezake. Hortxe-hortxe, urte eta erdiko zikloa beteko da 2012ko martxoaren 1ean Kursaalen eskainiko dugun saioarekin. 2010eko azaroan lehen emanaldia eskaini genuen Gasteizen, eta azkena Donostian izango da. Izan ere, udaberritik aurrera lan berria prestatzeari ekingo diogu. Asmoa oraingoz, asmo hutsa da. Egun hauetan buruan eta bihotzean duguna bakarra delako: boskotean eskainiko ditugun emanaldiak. Gonbidatuta zaudete.


Gartzelatik Kartzelara

noviembre 27, 2011

Azaroaren hamarrean Doka Kafe Antzokian bildu ginen Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuaren inguruan happening-ospakizun modukoa egiteko.

Iluntze hartan gure aurreko eta ondorengo belaunaldiko poetek taulagainean esandakoarekin erabat identifikatu ginen. Geuk ere Gartzelako poemak lehen, Kartzelako poemak orain, poesia liburua ezinbestekoen artean daukagulako.

“Liburu hau edizio zaharrean askotan irakurri nuen, hasieratik bukaerara eta bukaeratik hasierara. Askotan kontsultatu genuen, beste garai batean”, Jon Benito.

“Badira berriro bisitatu nahiko genituzkeen pertsonak, lekuak, kantak… eta liburuak zorionez. Eta hau da haietako bat”, Oier Guillan.

“Klasiko baten aurrean gaude, eta ezer nekez bihurtuko da klasiko, ez bada bere garaiari hertsiki lotua sortu. Pertsonaren lana sarritan sasiaren edo lizunaren mende ahitzen da denboragarrenean. Hala ere, beste zenbait lan denborak indartu egiten ditu, sendo irauten du, tantai, tente.
(…)
Ez dago jakiterik garaikidetasunaren adina zein den, noiz iraungitzen den literatur lan bat, hitza noiz hasten den higatzen, esanahia edo edertasuna galtzen. Ezer betiko ez dela onartuta ere, egingo nuke liburu honek guztizko gaurkotasuna duela, eta, beharbada, puska baterako biharkotasuna ere bai. Egungo jendeari esandako poemak dira”
, Jose Luis Otamendi.

Haien guztien hitzekin erabat identifikatu ginen. Geuk ere Gartzelako poemak lehen, Kartzelako poemak orain, poesia liburua ezinbestekoen artean daukagulako.

Liburuaren lehen edizioa argitaratu zenean musika ipini genion poesia bati baino gehiagori, sorkuntzan genbiltzala. Euskal Herrian Euskaraz-ekoek bilduma baterako kantua grabatzea eskatu zigutenean, musikari “Hau da ene ondasun guzia” poesiaren hitzak eranstea erabaki genuen. Bilduma hura ondotxo mugitu zen, izan ere kantu hori zaletuek gure kontzertuetan goitik behera abesten zuten. Gure harridurarako. Zuzenean gure errepertoriotik kanpo utzi izan genuen, Toxic Guitar Heroaren soloa aspergarri egiten zitzaielako Aritzi eta Iñigori (kar, kar).

1973 diskoaren argitaratzearekin zuzeneko kantutegian berriro txertatzea erabaki genuen. Kantuak musikazaleen artean bere bidea egiten jarraitu zuen, eta oraindik orain, belaunaldi ezberdinetako zaletuen artean maitatuenetakoa dela frogatu genuen.

Kantuaren audioa: http://www.goear.com/files/external.swf?file=0ee4ae0

Azaroaren 10ean Donostian Susak antolatu zuen ekitaldian, Oier Guillanek “Ene ondasun guztia” errezitatu zuen. Sendo, ozen… eta eder. Oso. Zerorrek ikusi, 6:20 minutuan:

Durangoko Azokan salgai izango da liburua Susaren stand-ean. Garai bateko, gaur egungo eta ondorengo belaunaldietarako ezinbestekoen artean sar daitekeen poesia liburua da.

2011.11.10. Donostia, Doka. Joseba Sarrionandia, ‘Kartzelako poemak’. Poesia liburuaren berrargitalpena Susaren eskutik.
Taulagainean: Gorka Arrese, Jose Luis Otamendi, Joxemari Iturralde, Jon Benito, Mikel Etxaburu eta Oier Guillan.
#
1992, Gartzelako poemak // 2011, Kartzelako poemak [SUSA]