Heldu den otsailaren 8an, 30 urte beteko dira Peru eta Stein euskal errefuxiatuak GALek erahil zituela

enero 31, 2014

Imagen

Otsailaren 8an, larunbata, arratsaldeko 6 etan

Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan

Anuncios

#BideErtzean77

agosto 7, 2013

Imagen

2012.03.08 Ezkio-Itsaso

Gaur 35 urte hil zituzten Sebas eta Zaharra. Ezkio-Itsason, Zumarragarako bidean. Guardia Zibilaren kontrol batean.

Osaba genuen Sebastian Goikoetxea Mariezkurrena, gure amaren anaia gazteena. Ibartarra, 29 urtekoa. ETA-PMko kide, antza denez.

Geroztik, urteurrenean, omenaldia egiten diote Ibarran. Omenaldi horretara hurbildu aurretik baina, Ezkio-Itsasora joaten gara etxekoak. Sebasek azken hatsa hartu zuen errepide bazterrera. Hantxe elkartzen gara Ubeda Goikoetxea sendikoak.

Pankarta lurrari lotu, loreak ipini eta ohiko errezoa egin dute amak eta izebak. Ondoan egokitu zait Xuban, zazpi urteko iloba. Pankartako argazki oinetan erreparatu du.

– 1977 martxoak 8. 1977 martxoak 8. Biak egun berean hil ziren.
– Bai, hemen bertan, erantzun diot.
– Hemen, non? Juxtu hemen?
– Bai.
– Eta nola?, Xubanek begirada nigana zuzenduz.

Ez da segundu bat ere pasa, eta jolaserako bidea hartu du. Sara, Uxue eta Iratirekin batu da, ziztu bizian. Aurpegian sumatuko zidan zerbait.

Zalantzak izan ditugu azken boladan. Sebas eta Zaharraz, 70eko hamarkadaz, azken urteotan bizi izan dugun gatazkaz… Kontu horietaz idazten aritu gara azkenaldian. Pilatzen ari zaizkigun abesti horiei bidea zabaldu ala bestelako doinu batzuei ekin. Horra gure zalantzaren muina.

Ezkio-Itsasotik bueltan, ordea, oso argi ikusi dut. Gure “memoriaren mapa” osatzeke dago oraindik. Ate joka ditugun kantu horiei bidea egiten utzi behar diegu. Ondu eta, zergatik ez, argitara eman.

———————–

2013.08.07 Ibarra

Aurreko pasarte hori, Ezkio-Itsasotik iritsi berritan idatzia dago. Orain, lerro horiek idatzi zirenetik urte eta erdi igaro denean, zera esan nahi genuke post honen bidez: “77” izango dela Bide Ertzean taldearen disko berriaren izenburua. Jada amaituta dago eta fabrikan da egunotan.

“77” diskoaren grabazioan, Jordi Mora aritu da soinu-hartzaile lanetan eta Suso Saizek egin ditu ekoizle lanak. Los Planetas, Piratas, Marlango, Javier Alvarez, Diego Vasallo, Ivan Ferreiro, Cristina Lliso (Esclarecidos)… Asko dira Suso Saizekin lan egin duten artistak.

Lan berri hau hirukote moduan grabatu dugu Karlosek, Jonik eta hiruok. Bira berrian ere halaxe arituko gara.

Gaztelupeko Hotsak zigiluak plazaratuko du “77” diskoa eta, okerrik ez bada behintzat, irailaren erdialdean ikusiko du argia.

Xehetasun gehiago emango ditugu diskoa aurkezteko eskainiko dugun prentsaurrekoan. Laster emango dugu deialdi hori aditzera. Web orria ere berritu dugu eta hori ere, segituan, irailaren hasieran jarriko dugu berriro martxan (www.bidertzean.com helbidean).

Laster arte. Bien bitartean, itzaletik ibili!

Imanol Ubeda


“Joan zinetenetik” abestiaren demo-a

julio 18, 2013

ez zaitut abandonatuko

Ez dugu beti elkar asmatzen. Zer egin, nola… Zalantzak batzen gaitu. Baina nahikoa argi daukagu zer ez dugun egin nahi. Eta akaso horregatik, beti topatzen dugu nondik jo. Nora bideratu. Norekin elkartu.
Euskal Idazleen Elkartearen (EIE) proposamen bat jaso genuen iaz. Garai honetan izango zen. Donostiako Poesia Orduak zikloan partehartzeko gonbitea luzatu ziguten. Ezin zuen beste emanaldi bat gehiago izan. Zikloaren izaerak berak beste zer edozer eskatzen zuen. Eta guk baietz erantzun. Betiko planteamendutik aldentzen diren proposamenak pizgarriak izaten baitira. Ezohikoaren xarma.
Jose Luis Otamendiren poesia izango da Jon Benito eta Bide Ertzean batzen dituen elementurik garrantzitsuena. Urolako poetari aitortza modukoa egiteko baliatu genuen, hain zuzen, EIEren eskutik iritsi zitzaigun eskaera. Horrela abiarazi genuen “Ez zaitut abandonatuko” sentikaria. Donostian eskaini genuen lehen saio hura, bistan denez, Otamendiren hitzekin eta doinuekin osatu genuen (eta haren bezperan, entsegu moduan Tolosako Mescal tabernan eskaini genuena ere).
Zarautzen, Lekeition, Alegian eta Larrabetzuko Literaturian aritu gara ondoren (Donostiako HerriHarresian ere izan ginen, saio txiki bat eskaini genuen Bulebarrean). Abandonatuko ez dugun poetari gure maitasun betierekoa aitortu eta gero, beste poema batzuk, beste poeta batzuk eta beste doinu batzuk biltzen hasi ginen.
Inoiz ez dugu emanaldi bera errepikatu. Egia da ez direla saio asko izan. Baina egin ditugun guztiak ezberdinak izan dira. Ibilian ibilian, Jon Benito eta Bide Ertzeanen bideak ere gurutzatu dira. “Ez zaitut abandonatuko” sentikariaren azken bi saioetan, ‘Joan zinetenetik’ kantua eskaini dugu. Idazle zarauztarraren Bulkada (Susa, 2010) poesia liburuko poema bat du abiapuntu abestiak. Hemen duzue demo bat: (Imanolek) erritmo kutxa batekin egina eta zortzi pistako grabagailu batean jasoa.

https://soundcloud.com/bide-ertzean/joan-zinetenetik-demo

EzZaitutLarrabetzu
Larrabetzuko Literaturian izan zirenak, akaso, akordatuko dira. Joan zinetenetik / udan ere negu da dio poemak, eta ekaineko egun haiek ere halakoak izan ziren, euritsuak, hotzak, negu girokoak. Gaztetxeko giroa ordea, beroa izan zen. Eta saio ondorena, gogoangarria.

PD: “Ez zaitut abandonatuko” sentikaria, irailaren 17an asteartea Bilboko BBK aretoan. Jornadas de Poesia Vasca delako jardunaldien baitan.


Bostak berriro taula gainean, urte berrian

diciembre 18, 2011

Bide Ertzean

Beran, Eskoriatzan, Lazkaon,… azken emanaldietan Bide Ertzean Trio modura aritu ondoren hurrengo hilabetean bostak berriro taulagainean arituko gara. Urtea bete da Fran Iturbe agurtu genuela, 2011ko abenduaren 16an Victoria Eugeniako emanaldi gogoangarria eskaini eta gero. Don Inorrez diskoaren aurkezpen emanaldi sortaren amaiera izan zen hura. Gauerdia atzean utzi genuen Be Bop-etik aterata elkar agurtu genuenean. “Ez dakigu noiz arte bat” modukoa izan zen. Ez dakigu noiz arte hori, nolanahi ere, ez da sekula batere dramatikoa izan guretzat. 1998an lehen bost kantuak grabatu genituenean ere, ez genekien noiz artekoa izango zen gure ibilbidea. Zalantzaz beterik ekin genion, eta dagoeneko hamahiru urte igaro dira.

Urruti dauka bizitokia Fran Iturbek, Los Angelesen hain zuzen. Urte osoa eman dugu bera gabe, Don Inorrez han eta hemen aurkezten. Hainbatetan Joserra Senperenarekin batera. Eta beste hainbatetan Bide Ertzean trio modura.

2012ko urtarrileko zuzenekoei begira, dagoeneko kantutegia prestatzen gabiltza. Halako babesa sentitzen da musika elementu gehiagorekin, Joserra eta Fran bakoitza berean maisu direnean gainera. Sendo eta ozen entzungo ditugu, ezker eskuin, Hammond B3 organoaren eta Gibson SG kitarraren hotsak. Horregatik bakarrik urte berria iristear zain gaude!

Urte olinpikoan sartuko gara. Guretzat, bestalde, data seinalatua da. Izan ere, iristear den urtean Joserra Senperena gutar egin genuela hamar beteko dira. Maite out diskoarekin hasi zuen ibilbidea gurean eta, geroztik, diskoz disko bosgarren kidean bilakatu da. Pianoa, organoa, akordeoia, sintetizadoreak, wurlitzer-a,… mundu berrian murgildu gintuen gu. Kantuak eta diskoak, zer esanik ez, edertu eta aberastu dituela argi dago.

Joserra Senperenarekin eta Fran Iturberekin lau emanaldi eskainiko ditugu urtarrilean. Hauexek data zehatzak:

2012.1.06. Atarrabia (Nafarroa), Hatortxu Rock + Kerobia. 21:30.
2012.1.07. Andoain, Bastero. 22:00.
2012.1.08. Elgeta, Espaloia. 19:00.
2012.1.13. Eibar, Coliseum + Mursego. 22:00.

Don Inorrez disko berrienaren inguruko azkenaurreko saioak direla esan genezake. Hortxe-hortxe, urte eta erdiko zikloa beteko da 2012ko martxoaren 1ean Kursaalen eskainiko dugun saioarekin. 2010eko azaroan lehen emanaldia eskaini genuen Gasteizen, eta azkena Donostian izango da. Izan ere, udaberritik aurrera lan berria prestatzeari ekingo diogu. Asmoa oraingoz, asmo hutsa da. Egun hauetan buruan eta bihotzean duguna bakarra delako: boskotean eskainiko ditugun emanaldiak. Gonbidatuta zaudete.


Bide Ertzean, aldare gainean

enero 31, 2011

Aldare batean jo genuen Londonen, duela bi aste. Aldarea batean jo dugu Azpeitian, pasa den asteburuan.
Errataula estalia zegoen Londonen, baina ikusi dugun Jesukristorik itsusiena gordetzen zuen bere baitan.
Erretaula agerian zen Azpeitian, baina pipiak jota edo, zatika erortzen ari dela esan ziguten bertako lagun batzuk.

Bitxia bada kapera batean jotzea (Londonen, chapel du izena Oxford House etxeko areto ederrak), are bitxiagoa bitan jarraian aritzea. Londonen nola Azpeitian, kulturgintzak bere egin du lehen eliza izandakoa. Kultur Mahaia osatu da bertan, eta Azpeitiko San Agustin kultur gune bihurtu denetik, ekimen ugari jarri dituzte martxan.

Azken saio hauetan, Fran Iturbe gabe ari gara jotzen. Londonen Bide Ertzean Trio moduan aritu ginen eta oraindik pozarren gaude egin zitzaigun harrerarekin. London Basque Society elkarteko kideek lan handia egin zuten eta gogotsu ikusi genituen. Aurrerantzean ere, euskal talde gehiago arituko dira bertan. Bejondeizuela, gustura bueltatuko ginateke berriz ere! Hango esperientziaren inguruko bideo bat hemen duzue:

Azpeitian, aldiz, lau lagun igo ginen taula gainera: Joserra Senperena, Karlos Arancegui eta bi anaiak. Karlos aste osoan gripeak jota izan genuen, eta ezin entseatu. “Don Inorrez” diskoko kantuak gogora ekartzeaz gain, aurreko diskoetako hainbat kantu ere jo genituen eta Xabier Leteren “Ni naiz” abestiari ere tarte bat egin genion, beste behin ere.

Ondo baino hobeto gainditu genuen Azpeitiko erronka. Harrera ere polit askoa egin ziguten. Plazer handia izan zen, eta bide batez, Jose Luis Otamendiri esker oneko hitz batzuk eskaintzeko aukera izan genuen. Bereak dira guk kantuan eman ohi ditugun letra asko eta, bere herrian, aitorpen bat sikiera zor genion.

Larunbat honetan ere, otsailaren 5ean larunbata, laukote moduan arituko gara Markina-Xemeingo Uhagon Kultur Aretoan. 22:30ean hasiko da kontzertua.


Lizarbakar grabaketa, sekuentzia plano bakarrean

diciembre 23, 2010

“Lizarbakar”, kantua-song making off
(Don Inorrez, Bide ertzean 2010
)

Hari Orkestra-Orquesta de cuerda:
Biolinak: Xabier Gil, Ricardo Ruiz, Iciar Mujica, Jan Pawlusiewicz.
Biolak: Grzegorz Kawka, Jean Michel Nougué.
Txeloak: Elena Escalza, Juan Ignacio Emme.

Hari Orkestrarako moldaketak eta zuzendaritza:
Joserra Senperena.

Soinu hartzailea: Kaki Arkarazo.
Estudioa: Garate Studios, Andoain (Gipuzkoa).
Kantuaren hitzak eta doinua: Imanol Ubeda.
Bide Ertzean: Imanol Ubeda (ahots nagusia, kitarra), Fran Iturbe (kitarra), Joserra Senperena (pianoa, hammond B3), Karlos Arancegui (bateria), Joni Ubeda (baxua).


Behin eta berriro kontzertu berdina errepikatuz

octubre 27, 2010


28 kanala, 11telebista eta beste tokiko telebista gehiagora iristeko aukera dago TDTa edota zuntz optikoa ezarri direnetik. Azken asteotan aztoratu samar gabiltza Bide Ertzean taldearekin zerikusia duen kontzertu baten inguruan.

Tolosako aurtengo San Juan jaietan Mokolo pailazoaren omenez kontzertua antolatu zuten bere lagunek. Tolosar garen heinean, gu gonbidatu gintuzten parte hartzera eta atsegin handiz igo ginen taulagainera. 28 Kanalak grabatu zuen kontzertu hura eta geroztik behin, bitan, hirutan, lautan… maiz ikusten ari gara tokiko edozein telebistatan. 28 Kanalaz haratago, euskal eremuko beste askotan emititzen ari dira noiz nahi.

Tira, guri kontzertua grabatzeko baimena ez zigun inork eskatu. Normaltzat hartu beharko genuke? Bada, eskubide-baimen kontuetan Euskal Herrian ia dena atzekoz aurrera egiten dela ikusita, ez gaitu harritu. Baina ez dugu batere gustukoa. Eta musikariarekiko errespetu falta handia iruditzen zaigu.

Mokolo pailazoaren omenez izanik, baimena eskatu izan baligute ez genuke arazorik ipiniko. Baina baldintza batzuk ipiniko genituzke. Besteak beste:
-Kontzertuaren eguna iritsi aurretik grabaketaren jakitun izatea.
-Emisioaren aurretik bideo-ekoizpenari gure oniritzia emateko aukera izatea.
-Emisioa mugatua izatea, denboran eta emisio aldian.
-Artistaren kantuen egile eskubideak bermatzea.

Muga ipini behar zaio guzti honi. Beste behin ere musikariak azken putz garen sentsazioa dugu.