Belarmiñak, Joxi Ubedaren musika egitasmo berria

marzo 21, 2013

Hasiera hasieran, Joxi baino ez zen… Gero etorri ginen besteak. Ekimen berri batekin dator orain Joxi Ubeda. Ibarran egingo du aurkezpen “ofiziala”. Hauxe kartela. Belarmiñak entzuteko gogoz, aupa Joxi!!

Imagen

Joxi Ubeda kitarra akustikoarekin eta kantuan arituko den bitartean, Lobo Electrico taldeko kitarrista Iki Polikik kitarra elektrikoarekin lagunduko dio. Subegi elkartean abiatuko da egitasmo berria, han eta hemengo taula-gainetan segida izateko.

Joxi Ubeda

Joxi Ubeda, kantaria eta gitarra jolea Belarmiñak egitasmoan.

Iker Lopez

Iki Poliki (Iker Lopez), Belarmiñak taldeko gitarrajolea.

Esan beharrik ez dago Joxi Ubeda Toxic twinsen anaia dela, anaia zaharrena hain zuzen. Musikan egin dugun ibilbidearen erantzuletakoa bera da, zalantzarik gabe. Txikitan haren diskoak entzunez, haren afizioa gure egin genuen. Punk eztanda hartan egin zuen musika ibilbidea gertutik jarraitu genuen ere. Ume mukizuak ginela (13-16 urte) Tortura Sistematica edota Bukaera taldearen (Baxi Jupiter Jon taldekoa, gure beste anaia,  taldeko kide zen) kontzertuetara joaten ginen. Aho zabalik geratzen ginen talde haiei begira. Oso oso gazte ginela ezagutu genituen Andoaingo, Alegiko, Txaramako edota Tolosako gaztetxe mitikoak.

1989. urtea izango zen Tolosako San Esteban auzoan Toxic anaiak Joxi anaiaren entsealekura lehen aldiz musika egitera sartu ginenean. Hark bateriaren makilak hartu zituen, Imak kitarra eta mikroa ta Jonik baxua. Ez zen entsegu bakarra izan, hurrengoetarako ordea Tolosako dultzaineroekin atabala jotzen zebilen Inigo Arruti deitu genuen baterian aritzeko. Eta lehen pausu haietatik sortu zen gerora Deabruak Teilatuetan.

Hasiera haiek gogoan… berriro hasteko aukera duena Joxi Ubeda anaia da. Long life Belarmiñak!


Gartzelatik Kartzelara

noviembre 27, 2011

Azaroaren hamarrean Doka Kafe Antzokian bildu ginen Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuaren inguruan happening-ospakizun modukoa egiteko.

Iluntze hartan gure aurreko eta ondorengo belaunaldiko poetek taulagainean esandakoarekin erabat identifikatu ginen. Geuk ere Gartzelako poemak lehen, Kartzelako poemak orain, poesia liburua ezinbestekoen artean daukagulako.

“Liburu hau edizio zaharrean askotan irakurri nuen, hasieratik bukaerara eta bukaeratik hasierara. Askotan kontsultatu genuen, beste garai batean”, Jon Benito.

“Badira berriro bisitatu nahiko genituzkeen pertsonak, lekuak, kantak… eta liburuak zorionez. Eta hau da haietako bat”, Oier Guillan.

“Klasiko baten aurrean gaude, eta ezer nekez bihurtuko da klasiko, ez bada bere garaiari hertsiki lotua sortu. Pertsonaren lana sarritan sasiaren edo lizunaren mende ahitzen da denboragarrenean. Hala ere, beste zenbait lan denborak indartu egiten ditu, sendo irauten du, tantai, tente.
(…)
Ez dago jakiterik garaikidetasunaren adina zein den, noiz iraungitzen den literatur lan bat, hitza noiz hasten den higatzen, esanahia edo edertasuna galtzen. Ezer betiko ez dela onartuta ere, egingo nuke liburu honek guztizko gaurkotasuna duela, eta, beharbada, puska baterako biharkotasuna ere bai. Egungo jendeari esandako poemak dira”
, Jose Luis Otamendi.

Haien guztien hitzekin erabat identifikatu ginen. Geuk ere Gartzelako poemak lehen, Kartzelako poemak orain, poesia liburua ezinbestekoen artean daukagulako.

Liburuaren lehen edizioa argitaratu zenean musika ipini genion poesia bati baino gehiagori, sorkuntzan genbiltzala. Euskal Herrian Euskaraz-ekoek bilduma baterako kantua grabatzea eskatu zigutenean, musikari “Hau da ene ondasun guzia” poesiaren hitzak eranstea erabaki genuen. Bilduma hura ondotxo mugitu zen, izan ere kantu hori zaletuek gure kontzertuetan goitik behera abesten zuten. Gure harridurarako. Zuzenean gure errepertoriotik kanpo utzi izan genuen, Toxic Guitar Heroaren soloa aspergarri egiten zitzaielako Aritzi eta Iñigori (kar, kar).

1973 diskoaren argitaratzearekin zuzeneko kantutegian berriro txertatzea erabaki genuen. Kantuak musikazaleen artean bere bidea egiten jarraitu zuen, eta oraindik orain, belaunaldi ezberdinetako zaletuen artean maitatuenetakoa dela frogatu genuen.

Kantuaren audioa: http://www.goear.com/files/external.swf?file=0ee4ae0

Azaroaren 10ean Donostian Susak antolatu zuen ekitaldian, Oier Guillanek “Ene ondasun guztia” errezitatu zuen. Sendo, ozen… eta eder. Oso. Zerorrek ikusi, 6:20 minutuan:

Durangoko Azokan salgai izango da liburua Susaren stand-ean. Garai bateko, gaur egungo eta ondorengo belaunaldietarako ezinbestekoen artean sar daitekeen poesia liburua da.

2011.11.10. Donostia, Doka. Joseba Sarrionandia, ‘Kartzelako poemak’. Poesia liburuaren berrargitalpena Susaren eskutik.
Taulagainean: Gorka Arrese, Jose Luis Otamendi, Joxemari Iturralde, Jon Benito, Mikel Etxaburu eta Oier Guillan.
#
1992, Gartzelako poemak // 2011, Kartzelako poemak [SUSA]


Beti arte, Bittor!

octubre 25, 2010

Gaur azken agurra emango diogu Bittorri, deabruon eta bide ertzeanekoon entsealekuko zaintzaileari. Txaramako Urzabal baserrikoa, “ziria sartzea” ofizio zuen. 1990-1991. ikasturtean musika munduan lehen urratsak eman genituen, eta lehen argazkietakoa Urzabal baserriaren teilatuan egin genuen. Hantxe ibiliko zen Bittor guri iseka egiten, betaurrekoen atzean begiak itxita eta irriño batekin.

Urteak eman ditugu Txaraman. Motorra entzun bezain laster Bittor entsealekura gerturatu ohi zen. Batzuetan estu, besteetan larri, gehienetan berandu… hala ibili ohi ginen. Bera, ordea, ia gehienetan ziria sartzeko prest zegoen. “Txima luze horiek moztu e!, Aitzen!!”. Eta erdaraz aritzen baginen laster batean “belarrimotzak!” bota ohi zuen.
Hasierako urte haietan gure gertuko lagunak ere entseatzera etortzen ziren eta haiei esker zigarreta bat edo gehiago erretzeko aukera izaten zuen. Guk alde horretatik ez genuen bere bizioan gehiegi lagundu. Ez baikenuen berak nahi zuen hori, ez garelako sekula erretzaileak izan.

Baina, ordea, ziria sartzeko aproposak omen ginen. Zigarrorik ez genuen izango, baina gure kontura dibertimendu ederra zuen.

Entsealekuan atea ireki eta anplifikadoreak kaxatik atera, kitarrak afinatu, ahots jokua prestatu… entseatu aurreko minutu horietan gure alboan izaten zen. Ahots jokuaren soinu froga ere berak egin izan zuen noizbait, mikrofonoa eskuan hartua. Gutxien ikusten zuelako edo, Iñigo Arruti gogoan zuen, maiz galdetzen zuen “Arruti? Non dago Arruti?”. Eta guk, “neskatan ibiliko duk” edota “lo egongo duk atzo parrandan aritu huan eta”.

Garai hartan entseatzetik atera eta edozer gauza espero zitekeen Bittorren aldetik. Atea ireki eta bera inguruan bazegoen, malo. Zer egin ote du oraingoan? Galdetzen genion elkarri. Gertu egoten zen Bittor, bere burua salatzen: barreari eutsi ezinik, begiak itxiz eta irri zabal batekin. Makila sokaren batera lotu eta ibilgailuan jarri,… horrelako hamaika egin zituen! Guk noiz edo noiz aurpegi txarren bat jarri genion. Berdin zion, berak bereari eusten zion. Ziria sartzea ofizio zuen.

Urteak aurrera, medikuak erretzeari uzteko eta zaintzeko agindu zion Bittorri. Eta serio demonio hartu zuen agindua. Ariketa fisikoa egiteari ekin zion. Entsealekuko atean ez baizik eta Txarama-Tolosa bidean bide ertzean ikusten genuen sarritan. Gu entseatzera, bera ariketa fisikoa egitera.

Bere osasuna okertuz joan zen eta kalera ateratzea ere kosta egiten zitzaion. Bittor ikusi genuen azken aldian Urzabal baserritik entsealekura igotzen makina lan izan zuen. Arnasa hartzeko arazoak zituen, baina hala eta guztiz ere gu ikusi eta gure berri izateko gogoz zegoen. Xabi Orkaiztegi ilobaren laguntzarekin berritu genuen entsealekuari bistazoa bota (eta oniritzia emango balu bezala) deabruen furgonetan eseri zen arnasa berreskuratzeko. Hura izan zen ikusi genuen azken aldia, orain urtebete edo.

Azken egunak ingresaturik eman zituen, eta larunbat goizean zendu zen Bittor Orkaiztegi Esnaola jauna. Bittor guretzat.

Egin diezaiokegun omenaldirik sentituena gure entsealekuari bere izena ematea da. Txaraman entseatzen dugula esan ohi dugu, zein tokitan ordea ez. Bittor Enea gure entsealekua izango da aurrerantzean, kantu berriak sortzeko eta zuzenekoak prestatzeko gela. Beti arte, Bittor!


Rock and roll egunak

julio 19, 2010

Aste zoroa dugu aurretik. Ostegun honetan, uztailak 22, Bide Ertzean Triorekin izango gara Lazkaoko plazan (Gipuzkoa). 22:30ean hasiko da kontzertua.

Ostiralean, aldiz, Deabruak Aretako festetan (Laudio-Araba) jotzeko deituak izan gara. Gogoan izan: uztailak 23 ostirala, 22:30ak aldera.

Eta biharamunean, uztailak 24 larunbata, Oreretako Madalena jaietan (Gipuzkoa) arituko gara Deabruak. Kasu honetan, gauerdian hasiko da gure emanaldia. Aurretik, Estricalla taldekoek joko dute.

Hemen duzue Oreretan, Maria Lezo gunean, jaietarako prestatu duten egitaraua.


“Zuek jotzen eta ni txoznan lanean!”

marzo 3, 2010

Herenegun, “Kantari” saioa prestatzen ari nintzela Herri Irratiko 3. estudioan, Iosu Esnaola Realeko futbol jokalaria eta Iñaki de Mujika kirol kazetaria hurbildu zitzaizkidan. Estudioko atea zabaldu eta “Imanol, ya sabes quien es este?”, Iñaki galdezka. “Aupa Iosu, zorionak debutarengatik!”, nik erantzun Iosuri.

Bezperan, Huescaren aurka jokatu zuen lehen partida Realarekin; defentsa lanetan aritu zen, hain justu. Ondo aritu ere.
Iñakik Iosuri esplikatu zion ez dakit zenbat taldetan jotzen dugula eta, esaldia bukatu aurretik Iosuk berehala, “Orioko festetan izan zineten abenduan. Zuek jotzen eta ni txoznan lanean!”.

Egun hauetan Esnaolari buruzko elkarrizketak irakurri badituzue, zentzu gehiago hartuko diozue Iosuren azken esaldi horri. Futbolean aritu, langile izan eta herrigintzan aritzea ez direla inkonpatibleak izan behar, alegia.
Argazkia: David Aprea, DV.


Deabru bat, Abbey Road estudioan!

febrero 4, 2010

Esan genuen. Batzuk, ordea, ez zuten sinetsi. Guk herria zaintzen jarraitzen dugun bitartean, beste batzuk mugak zabaltzen munduan barrena!
“Abbey road studios-etan, promo kantua grabatzen ari gara. Serioari naiz”, horixe gaur eguerdian sms bidez jaso dugun mezua eta irudia. Evil Cymbal eta deabruak teilatuetan taldeko baterijolea duzue argazkian (Ezkerrekoa, eh), Abbey Roaden grabatzen!

London hiriko Abbey Road kalean dago Abbey Road estudioa. Hor grabatu zituen The Beatles taldeak ia bere disko denak. Geroztik, musikaren tenplu handienetakoa da.

Diskoak grabatzen dira oraindik. Duela gutxi, Joserra Senperena izan zen bertan, Mikel Erentxunen disko berrian parte hartuz.


Hurrengo larunbatean Miarritzeko Gaztetxean

enero 30, 2010

Egunkaria-ren aldeko Gaualdia antolatu dute Miarritzen otsailaren 6rako (larunbata). Gaztetxean izango da -La Negresse auzoan dago, Karting eta Atabal ondoan-, 18:00etatik aurrera.

Imanol Murua Uria Egunkaria-ko kazetari ohi eta auziko lekukoak, Lorea Agirre Egunkaria-ko kazetari ohi eta Gezurra ari du liburuaren egileak eta Andoni Alvarez Egunkaria-ren Aldeko Kultur Elkarteko kideak hitzaldia emango dute, “pintxoak lagun”.

Ondoren bertsolariak izanen dira, eta gero kontzertuak: Anje Duhalde, Deabruak Teilatuetan, Gose, Bizardunak eta DJ Xano.

Euskal Herria Zuzenean jaialdiko lagunak bertan ikusiko al ditugu? Baietz espero!


Ostegun honetan, Katedralean

enero 19, 2010

Donostiako Dokako berotasuna oraindik gogoan, Colemans+ taldekoek Katedrala bisitatuko dute ostegun honetan. Lesiorik edo okerrik ez bada tartean, irudian dituzue Colemans+en elastikoarekin Bilboko Kafe Antzokian zelairatuko direnak. Karlos Demetradze, Ima Dramé, Gorka Necati eta Joni Achinpung.

Ez galdu Colemans+ ikusteko aukera. Auskalo noiz elkartuko diren berriro. Beste talde batzuetako deialdietan iragarrita daude (Bide Ertzean, Berri Txarrak…). Beraz, hurrengo baten zain egon gabe, ostegun honetako emanaldiaz gozatzea onena.

Colemans+ taldearen saioaren ondoren Deabruak Teilatuetan igoko dira Bilboko Kafe Antzokiko taula gainera. “1973” bira hasi zenetik hona bi urte pasa dira, hamaika kontzertu egin dituzte eta ehun eta hamaika pasadizo eta xelebrekeria bizi izan dituzte. Bira amaitzen hasi da, baina gotorlekuetan babestu aurretik, gerra emateko indartsu daude tolosarrak…

Deabruak guarda ditzala luzaroan Colemans+ eta Deabruak Teilatuetan!

Argazkia: Saioa Gauilunak.


Eskoriatzarako giroa berotzen…

septiembre 16, 2009

Toxic anaiak entseatzeko geratu gara Txaramako Bittor Enean. Evil Cymbal jauna atzerrian dugu deabruentzat zaletu berriak egiten eta bere ordez David zarauztarra etorriko da. Larunbateko saioa ondo baino hobeto prestatu nahi dugu. Meskaleroek busa antolatzeko ideia polita izan zuten. Ez da busa beteko, lastima! Eskoriatzaraino iritsiko dira ordea Meskaleroak! Kontzertuaren osteko xehetasunak deabruakteilatuetan.com.Aritz DT