The Devil and Daniel Johnston (2005)

septiembre 23, 2010



Banpiro eta deabru gaua, 2009ko abenduaren 11koa. Gernikako Gaztetxean Mursego + Deabruak Teilatuetan

Maite Arroitajauregiren ametsa eta ilusioa zen Dan-en kantua moldatu eta Mursego-Deabruak Teilatuetan elkarrekin eskaintzea. Banpiroak eta deabruok euskaraz egin genuen bertsioa:

«Deabruaren hirian bizi nintzen
nik ez nekien banpiroak zirenik
Oh my god, gaizki sentitzen naiz
hiri honetan»

«Nere lagunak banpiroak ziren
nik ez nekien banpiroak zirenik
inoiz banpiroa izan ez banintz ere
orain hala naiz»


©Olailo

Deabruak eta banpiroak elkarrekin, beraz, Gernika aldean. Zer edozer onik atera beharko, derrigorrez! Esan bezala, hantxe igo ginen taula gainera, bertsolariak nola, Mursegoren saioan deabru eta banpiroei buruzko kantua abestera. A capella moment. Ona!

Eta gure saioan, alderantziz, Maite izan zen Gaur euria egin du gurekin batera abestera igo zena. Entseatuta zegoela zirudien baina momentuko kontua izan zen, nahita ere ez zen hobeto aterako.

Donostiako Zinemaldia, 2010eko irailaren 22an Principe zinemen 3. aretoan

Alboan ditut Gorka Urbizu edota Mikel Abrego, hauek Danen fan sutsuak. The Devil and Daniel Johnston (2005) filmaz gozatzen ari naiz. Arteaz, musikaz eta gaixotasunaz jarduten duen dokumentala da. Ahoa bete hortz uzten zaituena. Ikus ezazue, eta ulertuko duzue zertaz ari garen.

Eta, hara, non, filmaren amaieran, Dan agertzen da taulagainean zaletuen laguntzarekin eta a capella «deabruaren hirian bizi nintzen…» abesten. Bapatean burmuina 2009ra, Gernikara, Mursegora, Deabruak Teilatuetan taldearengana joan zitzaidan.

Eskerrik asko Maite Arroitajauregi! Plazer bat izan da beti zurekin taulagainean aritzea, eta oso harro nago zurekin batera Daniel Johnston bertsionatu izanaz. Besarkada! Bertsioa zuzenean errepikatzeko gogoz nago.


Gaztemaniak! salba dezagun

enero 13, 2010

Hilzorian dago Gaztemaniak! musika-programa. 1994. urtean sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen hau, “musika joera berriak ezagutzera emateko, bertako musika taldeak sustatzeko eta kalitatezko musika gazteei hurbiltzeko asmoz”. Hamasei urteren ondoren, hasiera-hasieratik helburuak ondo baino hobeto bete dituen programa honen bidez Gipuzkoa mailan antolatutako kontzertuak bertan behera utzi nahi ditu Aldundiak. Une honetan, bertako udalekin batera, emanaldiak Donostian, Oñatin, Zarautzen, Arrasaten eta Hondarribian egiten dira.

Lerro hauen bidez eskatu nahi diegu Aldundiari eta udalei kontzertu programa hau ez desagerrarazteko, dituzten betebehar publikoak konplitzeko eta, beraien hitzak erabiliz, “Espainiako zein nazioarte mailako talde profesionalen proposamen berritzaileak” mantentzeko. Euskal taldeak ahaztu gabe, hauek beti izan baitute promozio handia eta toki nabarmena Aldundiko programa honetan.

Gaztemaniak! programaren desagerpenak ordezkaezina litzatekeen tokia utziko luke Gipuzkoako musika eszenan eta kultura gipuzkoarraren flotazio-marrari jaurtiriko misil zuzena litzateke. Gaztemaniak! programak beste musika batzuk daudela erakusten digu, baita beraiekin harremanetan jartzeko beste modu bat dagoela ere. Ezin da kalkulatu gazte belaunaldi baten (50.000 ikusletik gora 15 urteetan zehar) sormenean ekimen honek utzitako arrastoa.

Ekimen honen desagerpenak apenas izango duen ondoriorik Foru Aldundiaren diru-kutxetan. Erakunde honek, gainera, ez du eragozpenik ikusten zalantzazko etorkizuna duten Donostia 2016 bezalako proiektuak diruz laguntzeko eta ez dirudi kontziente denik Gaztemaniak! dela Kultur Hiriburuaren ideiaren hazia. Desagerpen honen gaurko ogia kultur dinamismorik gabeko etorkizuneko gosetea bihurtuko da, ñabardura eta kolore ezberdinen falta areagotuko baitu, ebento handien grispean itotako etorkizuna, betiko musika eta bere kabuz ekonomikoki mantentzeko gauza den kulturaren mesederako.

Berriro ere gure belaunaldiari sistemak irabazi dionaren beste adibide mingarria eta lokala izan zitekeen Gaztemaniak!-en desagerpena, baina behean sinatzen dugunok ez gaude amore emateko prest. Aldundiaren proposamen hau defendatu nahi dugu eta arduradun politikoei eskatu nahi diegu, beharrezkoa balitz, proiektua birplanteatzeko, irtenbideak bilatzeko eta ez dezatela biderik sinpleenera jo: guraizeak sartu pisuzko argudiorik bota gabe. Kasu horretan, Aldundiak derrigorrezko funtzioak utziko lituzke bazterrean: aisialdiaren mainstream industriaren babesik ez duen kultura babestea eta hedatzea.

Manifestu honekin bat egin dugu guk. Zuk ere sinatu nahi baduzu, klik egin Gora Gaztemaniak! blogean eta izena eman.


Leidor Sessions, dagoeneko salgai

septiembre 18, 2009

Irailaren 30erako iragarri du Gaztelupeko Hotsak zigiluak Leidor Sessions CD-DVDaren prentsaurrekoa; Bide Ertzeanen zuzeneko grabazioaren aurkezpen ekitaldia. Donostian izango da eguerdiko 12:00etan, Donostiako FNAC saltokian.

Hala ere, dagoeneko salgai dago dendetan eta baita Gaztelupeko Hotsak zigiluaren webgunearen bitartez.

Hemen duzue diskoaren portada.Eta azpiko post batean ikusgai eta entzungai duzue lehen singlea, «Graffitti» zuzeneko diskoak dakarren kantu berria (orain arte, argitaratugabea).

image_preview