Bostak berriro taula gainean, urte berrian

diciembre 18, 2011

Bide Ertzean

Beran, Eskoriatzan, Lazkaon,… azken emanaldietan Bide Ertzean Trio modura aritu ondoren hurrengo hilabetean bostak berriro taulagainean arituko gara. Urtea bete da Fran Iturbe agurtu genuela, 2011ko abenduaren 16an Victoria Eugeniako emanaldi gogoangarria eskaini eta gero. Don Inorrez diskoaren aurkezpen emanaldi sortaren amaiera izan zen hura. Gauerdia atzean utzi genuen Be Bop-etik aterata elkar agurtu genuenean. “Ez dakigu noiz arte bat” modukoa izan zen. Ez dakigu noiz arte hori, nolanahi ere, ez da sekula batere dramatikoa izan guretzat. 1998an lehen bost kantuak grabatu genituenean ere, ez genekien noiz artekoa izango zen gure ibilbidea. Zalantzaz beterik ekin genion, eta dagoeneko hamahiru urte igaro dira.

Urruti dauka bizitokia Fran Iturbek, Los Angelesen hain zuzen. Urte osoa eman dugu bera gabe, Don Inorrez han eta hemen aurkezten. Hainbatetan Joserra Senperenarekin batera. Eta beste hainbatetan Bide Ertzean trio modura.

2012ko urtarrileko zuzenekoei begira, dagoeneko kantutegia prestatzen gabiltza. Halako babesa sentitzen da musika elementu gehiagorekin, Joserra eta Fran bakoitza berean maisu direnean gainera. Sendo eta ozen entzungo ditugu, ezker eskuin, Hammond B3 organoaren eta Gibson SG kitarraren hotsak. Horregatik bakarrik urte berria iristear zain gaude!

Urte olinpikoan sartuko gara. Guretzat, bestalde, data seinalatua da. Izan ere, iristear den urtean Joserra Senperena gutar egin genuela hamar beteko dira. Maite out diskoarekin hasi zuen ibilbidea gurean eta, geroztik, diskoz disko bosgarren kidean bilakatu da. Pianoa, organoa, akordeoia, sintetizadoreak, wurlitzer-a,… mundu berrian murgildu gintuen gu. Kantuak eta diskoak, zer esanik ez, edertu eta aberastu dituela argi dago.

Joserra Senperenarekin eta Fran Iturberekin lau emanaldi eskainiko ditugu urtarrilean. Hauexek data zehatzak:

2012.1.06. Atarrabia (Nafarroa), Hatortxu Rock + Kerobia. 21:30.
2012.1.07. Andoain, Bastero. 22:00.
2012.1.08. Elgeta, Espaloia. 19:00.
2012.1.13. Eibar, Coliseum + Mursego. 22:00.

Don Inorrez disko berrienaren inguruko azkenaurreko saioak direla esan genezake. Hortxe-hortxe, urte eta erdiko zikloa beteko da 2012ko martxoaren 1ean Kursaalen eskainiko dugun saioarekin. 2010eko azaroan lehen emanaldia eskaini genuen Gasteizen, eta azkena Donostian izango da. Izan ere, udaberritik aurrera lan berria prestatzeari ekingo diogu. Asmoa oraingoz, asmo hutsa da. Egun hauetan buruan eta bihotzean duguna bakarra delako: boskotean eskainiko ditugun emanaldiak. Gonbidatuta zaudete.


Bide Ertzean, aldare gainean

enero 31, 2011

Aldare batean jo genuen Londonen, duela bi aste. Aldarea batean jo dugu Azpeitian, pasa den asteburuan.
Errataula estalia zegoen Londonen, baina ikusi dugun Jesukristorik itsusiena gordetzen zuen bere baitan.
Erretaula agerian zen Azpeitian, baina pipiak jota edo, zatika erortzen ari dela esan ziguten bertako lagun batzuk.

Bitxia bada kapera batean jotzea (Londonen, chapel du izena Oxford House etxeko areto ederrak), are bitxiagoa bitan jarraian aritzea. Londonen nola Azpeitian, kulturgintzak bere egin du lehen eliza izandakoa. Kultur Mahaia osatu da bertan, eta Azpeitiko San Agustin kultur gune bihurtu denetik, ekimen ugari jarri dituzte martxan.

Azken saio hauetan, Fran Iturbe gabe ari gara jotzen. Londonen Bide Ertzean Trio moduan aritu ginen eta oraindik pozarren gaude egin zitzaigun harrerarekin. London Basque Society elkarteko kideek lan handia egin zuten eta gogotsu ikusi genituen. Aurrerantzean ere, euskal talde gehiago arituko dira bertan. Bejondeizuela, gustura bueltatuko ginateke berriz ere! Hango esperientziaren inguruko bideo bat hemen duzue:

Azpeitian, aldiz, lau lagun igo ginen taula gainera: Joserra Senperena, Karlos Arancegui eta bi anaiak. Karlos aste osoan gripeak jota izan genuen, eta ezin entseatu. “Don Inorrez” diskoko kantuak gogora ekartzeaz gain, aurreko diskoetako hainbat kantu ere jo genituen eta Xabier Leteren “Ni naiz” abestiari ere tarte bat egin genion, beste behin ere.

Ondo baino hobeto gainditu genuen Azpeitiko erronka. Harrera ere polit askoa egin ziguten. Plazer handia izan zen, eta bide batez, Jose Luis Otamendiri esker oneko hitz batzuk eskaintzeko aukera izan genuen. Bereak dira guk kantuan eman ohi ditugun letra asko eta, bere herrian, aitorpen bat sikiera zor genion.

Larunbat honetan ere, otsailaren 5ean larunbata, laukote moduan arituko gara Markina-Xemeingo Uhagon Kultur Aretoan. 22:30ean hasiko da kontzertua.


Lizarbakar grabaketa, sekuentzia plano bakarrean

diciembre 23, 2010

“Lizarbakar”, kantua-song making off
(Don Inorrez, Bide ertzean 2010
)

Hari Orkestra-Orquesta de cuerda:
Biolinak: Xabier Gil, Ricardo Ruiz, Iciar Mujica, Jan Pawlusiewicz.
Biolak: Grzegorz Kawka, Jean Michel Nougué.
Txeloak: Elena Escalza, Juan Ignacio Emme.

Hari Orkestrarako moldaketak eta zuzendaritza:
Joserra Senperena.

Soinu hartzailea: Kaki Arkarazo.
Estudioa: Garate Studios, Andoain (Gipuzkoa).
Kantuaren hitzak eta doinua: Imanol Ubeda.
Bide Ertzean: Imanol Ubeda (ahots nagusia, kitarra), Fran Iturbe (kitarra), Joserra Senperena (pianoa, hammond B3), Karlos Arancegui (bateria), Joni Ubeda (baxua).


“Iraileko gau batean”, recording sessions

octubre 7, 2010

Garate estudioetan Bide Ertzean taldeak egindakoaren lekukotza txikia da hurrengo bi bideoetan ikus daitekeena. “Iraileko gau batean” kantuan oinarrituta daude bi bideoak, batean Fran Iturbe protagonista delarik. Bestean, Joserra Senperena.

Karlosek, Jonik eta Imak dagoeneko bere lana egin zuten. Kantuaren oinarria grabatuta, Fran Iturbek 2009ko azaroan egin zuen kantu honen grabaketa. Bideoan ikus daiteke kantuaren riff adierazgarri baten sorkuntza, estudioan bertan ateratakoa. Eta baita ere kantuari amaiera emateko Franek Kakiren laguntzarekin egiten duen bilaketa lana.

2010eko maiatzean Joserra Senperenak beste lau taldekideek eginiko lana borobildu zuen. “Iraileko gau batean” kantuan hammond B3 organoa, pianoa eta akordeoia grabatu zituen. Eta kantuaren hasieran entzuten den sintetizadore doinua ere berak egindakoa da. Bideoan ikus daiteke hiru instrumentu ezberdinekin eginiko grabazioa, Karlos eta Kaki laguntzaile dituela.

“Iraileko gau batean”, kantua-song making off
(Don Inorrez, Bide ertzean 2010)
2009.XI. Don Inorrez recording sessions: Fran Iturbe.
2010.V. Don Inorrez recording sessions: Joserra Senperena.
Soinu hartzailea: Kaki Arkarazo.
Estudioa: Garate Studios, Andoain (Gipuzkoa).


Trio-ren ibilera hasi da

abril 29, 2010

Baterian eserita egotera ohituta badago ere, perkusio tresna ugari jotzen ditu azken aldian Karlosek, tartean xilofoia. Baxu jolea bada ere, orain melodikoarekin (Do-Re-Mi mitikoarekin) ere ausartzen da Joni. Horiek dira Bide Ertzean Trioren bereizgarri nagusiak. Inoiz baino gutxiago eskenatokiaren gainean, inoiz baino traste gehiago furgonetan. Urnietan egin genuen lehen saioa. Ikus soinu froga, atarikoak…honako bideoan:

Bigarrena Hondarribiko Psilocybenean izango da, maiatzaren 7an ostirala. Balerdi Erdi (Balerdi Balerdiren errautsetatik sortutako esperimentua) taldekoak ere Hondarribian izango dira Psilocybeneako kontzertuan.

Maiatzaren 28an Sopelako Kurtzio Kultur Etxean izango gara modu berezi honetan, Trio moduan alegia, eta baita ekainaren 13an ere Elgetako Espaloia Kafe Antzokian.

Udan, disko berriena izango denari helduko diogu, Joserra Senperena eta Fran Iturberen parte hartzearekin, nola ez.

PD. Lagun min batek esan zigun ukitu sexuala zuela Trio delako deiturak. Eta gu ordura arte kezkatuta, ea izen hori medio jendea jazz musikarekin nahastuko ote genuen…


Bide ertzetik, beste behin ere

marzo 10, 2010

Leidor Sessions zuzeneko diskoa plazaratu eta berehala, hainbat kontzertu eskaini genituen Bide Ertzeanekin. Iazko azaroan izan zen hori. Geroztik, hainbat saio egin ditugu hirukote moduan (azkena, Quique Gonzalezekin batera, Donostiako Victoria Eugenia antzokian).

Martxoaren bigarren hamabostaldian, Fran Iturbe gitarra-jolea Euskal Herrian izango da (USAn bizi da egun) eta hainbat kontzertu eskainiko ditugu; Bide Ertzeanen webgunean dituzue xehetasun gehiago.

Lehen bi kontzertuak, ordea, Elorrioko Ateneoan eta Eskoriatzako Unibertsitateko aulan izango dira, martxoaren 18an eta martxoaren 19an, hurrenez hurren. Kartela hauxe duzue.
Gustu baduzue, gu zuen zain izango gaituzue.


Bilbo-Andoain-Bergara

noviembre 10, 2009

BE-Zabalotegi

Bilbo-Andoain-Bergara. Hiru geltoki, hiru abiapuntu. Kafe Antzokia-Bastero kultur gunea-Zabalotegi aretoa. Bide Ertzeanen “Leidor Sessions” diskoa aurkezteko, lehengo astean baliatu genituen hiru kontzertuak. Leher eginda amaitu dugun arren, ederki pasa dugu.

Fran zortzi egunetarako etorri zen baina egun horietan entseatu, estudioan kantu berri batzuei forma eman, hiru kontzertu eskaini, promozio lanak egin eta Michael Jacksonen “This is it” pelikula ikusteko denbora izan dugu.

Irudikoa, Bergarako Zabalotegi aretoko kamerinoa duzue. Kontzertua hasi baino aurreko instantea jasotzen duen argazkia. Aritz Deabruak, Bergaran bizi da egun, cicerone lanetan aritu zitzaigun. Toki eder batera eraman gintuen afaltzera eta emanaldiaren ondoren merchandising mahaiaz arduratu zen. Bera bai artista!

Bergarako kontzertua eta gero agurtu genuen Fran Iturbe, “beste bat arte!”. Baina joan baino lehen, bere sorterriko lagunen aurrean, saio ederra eskaini zuen Franek Bergarako Zabalotegin, bai horixe. “God bless you, Fran” (This is it ikusi baduzue, txistea harrapatuko duzue).