Alfonbra gorrian berriz ere

mayo 31, 2010



Sopelanan izan ginen ostiralean, Bide Ertzean Trio moduan. Leidor Sessions diskoarekin gertatu bezala, alfonbra gorriaren gainean. Kurtzio izeneko kultur etxe berria ireki dute bertan. Toki zoragarria, kostalde zoragarrian. Bizitzan bezala, kontzertuetan ere, egunak eta egunak izaten dira. Baina Sopelanakoa memorian gordeko dugun horietakoa izango da.

Zuzenean aspaldian jotzen ez genituen kantuak taularatu genituen (Zure Minari diskoko “Zuk esan zenidan” eta “Gure maitasuna”, Grisa diskoko “Berandu”…). Diskoko bertsioekin alderatuz, beste aire batekin eskaini genituen pasa den ostiraleko saioan. Abesti berriak entzuteko aukera ere izan zuten Sopelanara hurbildu zirenek.

Zapore onarekin amaitu genuen saioa eta horrelakoetan, trasteak bildu eta etxerako bidea gozagarriak izan ohi dira. Munichetik espreski ekarritako garagardoarekin ospatu genuen Tolosako Mescal tabernan.

Asteburu honetan, bi emanaldi eskainiko ditugu Trio moduan: ekainaren 12an larunbata, gaueko 22:00etan, Zarautzeko Lizardi aretoan. Ekainaren 13an igandea, arratsaldeko 20:00etan, Elgetako Espaloia Kafe Antzokian.

Argazkiak: txetxo gisasola.


Bide ertzetik, beste behin ere

marzo 10, 2010

Leidor Sessions zuzeneko diskoa plazaratu eta berehala, hainbat kontzertu eskaini genituen Bide Ertzeanekin. Iazko azaroan izan zen hori. Geroztik, hainbat saio egin ditugu hirukote moduan (azkena, Quique Gonzalezekin batera, Donostiako Victoria Eugenia antzokian).

Martxoaren bigarren hamabostaldian, Fran Iturbe gitarra-jolea Euskal Herrian izango da (USAn bizi da egun) eta hainbat kontzertu eskainiko ditugu; Bide Ertzeanen webgunean dituzue xehetasun gehiago.

Lehen bi kontzertuak, ordea, Elorrioko Ateneoan eta Eskoriatzako Unibertsitateko aulan izango dira, martxoaren 18an eta martxoaren 19an, hurrenez hurren. Kartela hauxe duzue.
Gustu baduzue, gu zuen zain izango gaituzue.


Trasteekin, batetik bestera

diciembre 7, 2009


Disko bat plazaratzean, promozio kontuak ere egin behar izaten dira. Diskogintzaren beste alor bat gehiago da, guretzat lan gustukoena ez izan arren. Bide Ertzeanekin halaxe gabiltza egunotan, Leidor Sessions CD-DVDa plazaratu genuenetik hona, promo kontuetan.

Hasiera batean, promozio-lan moduan hartu genituen era akustikoan egin beharreko saioak (bussiness munduan, showcase moduan ezagunak diren aurkezpenak). “Hiriburuetako saltoki handietan, hirukote moduan, bospasei kantu eta listo!”. Hori zen egin beharrekoa. Erraza zirudien. Zure diskoaz, zure lanaz, zure taldeaz hitz egiteko aitzakia. Zaletuengana hurbiltzeko aukera paregabea… Halako argudioak genituen zain. Guk, ordea, ohiko kontzertuak ditugu gustukoen (hain ondo ibili ginen azaro partean Bilboko Kafe Antzokian, Andoaingo Basteron eta Bergarako Zabalotegin). Horretan ginen, promo kontuekin batetik bestera hirukote moduan mugitzen hasi ginen arte.

Dagoeneko Bilbo, Baiona eta Iruñeko saioak egin ditugu. Emanaldiz emanaldi, ontzen joan da hirukotearen lana, fintzen, borobiltzen… Eta orain, gure harridurarako, asko gozatzen ari gara hirukote moduan. Dosi txikiko saioak dira –Iruñean sei kantu eskaini genituen–, baina era akustikoan aritzeak ere badu bere xarma. Gainera, oinarrira itzultzea bezala izan da. Bide Ertzeanen ibilbidea horrela hasi baitzen, hirukote moduan, eta kantu berriak ere aspaldi honetan horrela abiarazi ohi ditugu.

Datorren hitzordu akustikoa abenduaren 9an asteazkena izango dugu, Donostiako FNAC saltokian arratsaldeko 19:00etan hasita. Gustu baduzue, han izango gaituzue, gu eguna iristeko zain gaude behintzat. Zubiaren ondorengo ajearekin bada ere.

PD. Promozio kontuak aipatzen hasita, asteburuan Durangoko Azokan izan gara. Ahotsenearen aterpean harrera ederra egin ziguten. Han izan ginen CD-DVDaz hizketan, Entzuneko kazetari baten laguntzaz. Baina zuzenean aritzeko aukera ere izan da Ahotsenean. Behingoz, sortzaileentzat gune aproposa aurkitu dugu Durangon. Zorionak eragileei eta eutsi goiari!


Zaharra baina ederra da Antzoki Zaharra

diciembre 1, 2009

Dock of the Bay 3 jaialdia ospatu berri da. Donostian, zinea eta musikarekin lotutako festibala. Ostiralean, Antzoki Zaharrean eskaini zuten “Leidor Sessions” DVDaren edizio berezia, 60 minutuko laburpena, Betacam digital euskarrian. Eta hantxe azaldu ginen hirukote fantastikoa: Toxic Twins eta Crazy Cymbal.

Arratsalde mugitua izan genuen. 17:30ean Baionako Elkar dendan ginen, akustikoa eskaintzen. Eta 19:00etarako Antzoki Zaharrera azaldu behar genuen! Larri samar baina garaiz iritsi ginen Antzoki Zaharrera. Ongi etorri beroa egin ziguten festibaleko arduradunek eta Miren Aperribay Modus Operandiko kidearekin batera igo ginen oholtza gainera. Aurkezpen labur baten ondoren, urduritasunez baina umorea galdu gabe jarraitu genuen proiekzioa.

Proiekzioaren ondoren, Tolosatik etorritako lagunekin batera trago batzuk hartu genituen Alde Zaharrean eta, ordu txikitan, Egiako Bukowsky tabernara jo genuen. Giro ederra topatu genuen bertan…

Biharamunean, biharamunarekin, Antzoki Zaharrera, Johnny Cashen pelikula ikustera. Ederra, bai horixe! Larunbatean baina, txintxo txintxo ibili ginen. Amaitu baino lehen, Zorionak Dock of the Bay 3 festibaleko denei eta eutsi goiari!

Ez ahaztu Bide Ertzeanekin ditugun gainontzeko hitzorduak:
Abenduak 02 Asteazkena. Iruñea, Elkar. Akustikoa. 19:00
Abenduak 05 Larunbata. Durango, Ahotsenea. Aurkezpena. 17:00.
Abenduak 09 Asteazkena. Donostia, Fnac. Akustikoa. 19:00.
Abenduak 17 Osteguna. Gasteiz, Elkar. Aurkezpena. 19:00.


Like strangers in the night…

noviembre 25, 2009

Ez ohiko gauzetan emango ditugu datozen egunak. Like strangers in the night… Irailean Bide Ertzeanekin “Leidor Sessions” diskoa plazaratu genuenetik, promozio kontuetan gabiltza. Orain baina, saio akustiko batzuk eskainiko ditugu hainbat saltokitan. Gutxitan aritzen gara hirukote moduan, gutxitan akustikoan, eta are gutxiagotan saltokietan. Gureak plaza, antzoki zein gaztetxeetako oholtzak izan ohi dira. Hor ibiltzen gara ondoen. Ez ohikoak izanik, ikusteke dago zer emango duen dendaz dendako jira bitxi hau. 5-6 kantu eskainiko ditugu hiriburuetako saltoki hauetan eskainiko ditugun akustikoetan:

Azaroa
26 Osteguna. Bilbo, Elkar. Akustikoa. 19:00. Licenciado Poza 14 kalea.
27 Ostirala. Baiona, Elkar. Akustikoa. 17:30. Arsenal plaza z/g.

Abendua
02 Asteazkena. Iruñea, Elkar. Akustikoa. 19:00. Comedias kalea 14.
05 Larunbata. Durangoko Azoka, Ahotsenea gunea. Aurkezpena. 17:00.
09 Asteazkena. Donosti, Fnac. Akustikoa. 19:00. San Martin – Urbieta 9 kalea.
17 Osteguna. Gasteiz, Elkar. Aurkezpena. 19:00. San Prudencio 7 kalea.

Animatzen bazarete, ongi etorriak izango zarete. Ez gara hain arraro sentituko.

Baina hori ez ohikoa bada, are arraroagoa gure burua zine pantaila batean ikustea. Asteburu honetan ospatuko da Dock of the Bay zine musikatuaren 3. edizioa Donostian. Ostiralean, gaueko 20:00etan, Antzoki Zaharrean “Leidor Sessions” ikusteko aukera izango duzue. Modus Operandi ekoiztetxekoek 63 minutuko edizio berezia prestatu dute, kantuak eta elkarrizketak tartekatuz, eta Betacam Digital zine-formatoan.
Sarrerak salgai daude. Gu ere han izango gara, nola ez, Baionatik Donostiarako bidean okerrik ez bada behintzat…


Dock of The Bay 3: Begiz jota ditugun hitzorduak

noviembre 18, 2009

“Dock Of The Bay zinea da, musika da, dena batera”. Hala dio Donostian hastekoa den Dock Of The Bay 3 zine dokumental musikatuaren webgunearen aurkezpen idatziak.
Egitarauari erreparatuz, gauza oso interesgarriak aurkituko dituzue FNACen (Urbieta kalean, San Martin gune komertzialean, hiriaren zentroan), Ernest Lluch Kultur Etxean (Anoeta pasealekua, 7, Amara auzoan), Donostiako Antzoki Zaharrean (Kale Nagusia 1, Alde Zaharrean). Guk, begiz jota ditugun pelikulak azpimarratu nahi dizkizuegu:

Donostiako Antzoki Zaharrean, hitzordu hauek. Honez gero, jakingo duzue azaroaren 27an ostirala, Bide Ertzeanen “Leidor Sessions” eskainiko dela bertan, Raul Lopez gazteak zuzendutako lana Betacam digital formatoan eskainiko da lehen aldiz (zine euskarrian, alegia; duela hilabete Tolosan, DVDan eskaini zen). 19:45ean hasiko da Leidor Sessionsen sesioa. Sarrerak 6 eurotan daude salgai (Kutxaren saltokietan).
Azaroaren 28an larunbata, Donostiako Antzoki Zaharrean bertan baina 20:30ean, “Johnny Cash at Folsom Prison” (Bestor Cram, 2008, AEB) pelikula eskainiko dute. Kontzertu historikoa, disko moduan argitaratzeko grabatua izan zena, eta orain doinuz eta irudiz gozatu dezakegun jaialdia, 2008an plazaratu zen dokumentalari esker.

Ernest Lluch Kultur Etxean, abenduaren 2an asteazkena eta 19:00etan hasita, guk bereziki maite dugun talde bati buruzko dokumentala: “End of the century: The story of the Ramones” (Jim Fields-Michael Gramalia, 2003, AEB). Ramones familiarekin ikasi genuen kantu bat egiteko hiru akorde nahikoa zirela. Biharamunean, abenduaren 3an osteguna eta 19:00etan, “Kurt Cobain. About a son” (AJ Schnack, 2006, AEB). 90eko hamarkadan ezinbesteko erreferentzia bati buruzko dokumentala, biografia moduan jasoa.


Ez gaude haserre

noviembre 13, 2009

Boskotea

“Leidor Sessions” zuzeneko diskoa aurkezteko, aurkezpen bira txiki bat egin berri dugu. Azken emanaldia eta gero, argazki hau atera genuen Bide Ertzeaneko kideok. Bergarako Zabalotegi aretoko ataria da horixe. Ez pentsa, hala dirudien arren, ez gaude haserre. Karlos da irribarretsu mantentzen den bakarra (gutxi batzuk dohain horrekin jaio ziren). Besteok, serio demonio. Badu bere esplikazioa. Kalean euria goian behean ari zuen eta ituteak genituen gure buruen gainean, klon klon klon…

Biratxoa amaituta, beste bat arte agurtzeko gogorik gabe, Zabalotegiko sarreraren aterpea gure txoko partikularrean bihurtu zen. Tertulia ederrean edan genituen Gaztelupeko Hotsakeko Xarrak eta Ubanek ekarritako garagardoak.
Aretokoek etxerako bidea hartu behar zutelako, beste hantxe jarraituko genuen hizketan.

Zabalotegiko kanpoaldekoa da argazkia. Hantxe agurtu ginen Franekin “laster arte!”, hantxe eman genizkien eskerrak Zabalotegi aretoko lagunei, hantxe despeditu ginen Bilbo Tolosa Elgeta edota Bergaratik hurbildu ziren lagunekin… Eta handik hartu genuen etxerako bidea, Bergarako sentsazio ederrak burutik kendu ezinik.