The Devil and Daniel Johnston (2005)

septiembre 23, 2010



Banpiro eta deabru gaua, 2009ko abenduaren 11koa. Gernikako Gaztetxean Mursego + Deabruak Teilatuetan

Maite Arroitajauregiren ametsa eta ilusioa zen Dan-en kantua moldatu eta Mursego-Deabruak Teilatuetan elkarrekin eskaintzea. Banpiroak eta deabruok euskaraz egin genuen bertsioa:

“Deabruaren hirian bizi nintzen
nik ez nekien banpiroak zirenik
Oh my god, gaizki sentitzen naiz
hiri honetan”

“Nere lagunak banpiroak ziren
nik ez nekien banpiroak zirenik
inoiz banpiroa izan ez banintz ere
orain hala naiz”


©Olailo

Deabruak eta banpiroak elkarrekin, beraz, Gernika aldean. Zer edozer onik atera beharko, derrigorrez! Esan bezala, hantxe igo ginen taula gainera, bertsolariak nola, Mursegoren saioan deabru eta banpiroei buruzko kantua abestera. A capella moment. Ona!

Eta gure saioan, alderantziz, Maite izan zen Gaur euria egin du gurekin batera abestera igo zena. Entseatuta zegoela zirudien baina momentuko kontua izan zen, nahita ere ez zen hobeto aterako.

Donostiako Zinemaldia, 2010eko irailaren 22an Principe zinemen 3. aretoan

Alboan ditut Gorka Urbizu edota Mikel Abrego, hauek Danen fan sutsuak. The Devil and Daniel Johnston (2005) filmaz gozatzen ari naiz. Arteaz, musikaz eta gaixotasunaz jarduten duen dokumentala da. Ahoa bete hortz uzten zaituena. Ikus ezazue, eta ulertuko duzue zertaz ari garen.

Eta, hara, non, filmaren amaieran, Dan agertzen da taulagainean zaletuen laguntzarekin eta a capella “deabruaren hirian bizi nintzen…” abesten. Bapatean burmuina 2009ra, Gernikara, Mursegora, Deabruak Teilatuetan taldearengana joan zitzaidan.

Eskerrik asko Maite Arroitajauregi! Plazer bat izan da beti zurekin taulagainean aritzea, eta oso harro nago zurekin batera Daniel Johnston bertsionatu izanaz. Besarkada! Bertsioa zuzenean errepikatzeko gogoz nago.


Tripolar

diciembre 18, 2009

Bi nortasun buru bakarrean sentitzen dutenei bipolar deitzen omen zaie. Baina hiru buru ezberdinetan nahasten direnei, nola deitzen zaie? Ba al da horrelakorik? Izenik ba al du gaitz horrek? Tripolar akaso? Horietakorik ba al da hor nonbait, konta iezaguzue arren, nola bizi duzuen, “zoriontsuak al zarete (…)? Kausitzen al duzue maitasunik sikiera zuen maitatuen arteko ehundiko hogeitabost edo hogeiaren baitan, ala hemen bezala mutu al diraute telefonoak, bihotz mortuak bailiren gauez gau bihotz mortuak bailiren etxeko laberintoaren azkeneko salan?”.

Bide Ertzeanekin hasi genuen astea, FNACen akustiko bat eskainiz. Ondoren, Gerniken Deabruok liluratuta geratu ginen Mursegoren saioarekin, Naroa Amaiurren kolaborazio estelarrarekin. Andoainen jarraitu genuen Deabruok, Joxi (Bukaera, Anima Vili) eta Gorka (Feos Pero Majos) bidelagun hartuta. Bukatzeko, Andoaingo gaztetxeko saioa Gorka Urbizurekin eta Peiremans+ taldearen mozorroarekin amaitu genuen.

Tripolar adeitsuok, zuek ere “zoriontsuak al zarete (…)? Kausitzen al duzue maitasunik sikiera zuen maitatuen arteko ehundiko hogeitabost edo hogeiaren baitan, ala hemen bezala mutu al diraute telefonoak, bihotz mortuak bailiren gauez gau bihotz mortuak bailiren etxeko laberintoaren azkeneko salan?”.


Gabon, Caligula

noviembre 21, 2009

Xabi anaiak ibilgailuko CD aparailuan ahaztuta laga zuen bere talde berriaren grabazioa, entsealekuan bertan egindakoa. Bospasei hilabete atzerako kontuaz ari gara. Ibilgailua martxan jarri eta aurrera nindoan heinean lau kantuak entzuten aritu nintzen, adi-adi. Ibilgailua gelditu nuenean, lehenengo gauza telefonoa hartu eta berari deitu nion zorionak emateko eta bide horri eusteko esateko.

Gerora iritsi zen Martxaundi tolosaldeko talde berrien bildumaren grabazioa eta aurkezpen-kontzertua, aurreko irailean. Punk, heavy eta trikiti taldeekin batera, haien artean, Caligula aritu zen. Ingurukoen eta etxekoen aurrean aritzeko aukera aparta izan zen. Denok ere zeozer berezia ikusi genuen Tolosako Trianguloko emanaldian.

Eta aurreko larunbatean, azaroaren 14an, Toxic 1 eta 2 Azkoitiko Matadeixera gerturatu ginen Caligularen emanaldia ikustera. Eta gu bezala, Mursego, Lisabö eta beste piztia batzuk. Lerro hauekin batera emanaldi hartako bi kanta ikus ditzakezue.

Caligula xaloa da, eta haiek ezagutu gabe ere ikuslearentzat oro har maitagarri egiten da. Ez galdetu zergatik, baina ikusleen artean horixe zen sentimendu nagusia. Eta musikalki, zalantzarik gabe, haize freskoa dakarkio euskal musikagintzari. Fugazi, Lisabö, Talking Heads, B52’s, zineman entzundako musika instrumentala… nahasketa zirarragarria da. Elkar lotu ezin daitezkeen estiloak oharkabean nahasten dituzte, modu interesgarrian. Bidea egiten ari da Caligula , long life and keep on rocking!

Aukera izanez gero, zoazte haien zuzenekoa ikustera.