Heldu den otsailaren 8an, 30 urte beteko dira Peru eta Stein euskal errefuxiatuak GALek erahil zituela

enero 31, 2014

Imagen

Otsailaren 8an, larunbata, arratsaldeko 6 etan

Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan


«Hausterre egunez», HikHasi aldizkarian

octubre 22, 2013

Abuztuaren amaieran edo jaso nuen eskaera. Ea idatzi bat egingo ote nuen HikHasi aldizkarirako. Ikastolarekin, edo ikastola garaiko oroitzapenekin loturiko idatziren bat behar zuela izan. «77» diskoan, Nadia izeneko neskato bati erreferentzia egiten saiatu nintzen. Baina ezin. Ezin asmatu, alegia. Buruan ditudan irudiei kantu itxura emateko orduan muga handiak baititut. Eta pena hartu nuen. HikHasikoei esker, arantza hori kendu dut. «Hausterre egunez» kontakizun laburrean ulertuko duzue zergatik. Hauxe ESTEKA.

HikHasi


«Kareak erre ez duena» emanaldi poetikoa Tolosako Leidorren, urriaren 11n

octubre 2, 2013

KAREAK ERRE EZ DUENA EMANALDI POETIKOA
urriak 11 (ostirala) 22:00etan
Tolosako Leidor antzokian
— sarrera 10 euro — salgai lehiatilan bertan —

PARTE HARTUKO DUTE:

Harkaitz Cano
Iñigo Aranbarri
Koldo Izagirre
Jose Luis Otamendi
Josu Landa
Pili Zabala
Koldo Almandoz (zinegilea)
Asier Zabaleta (dantzaria)
Karlos Osinaga eta Javi Manterola (Lisabö musika taldea)
Eta afixa Unai Iturriagak egin du.

Imagen

KAREAK ERRE EZ DUENA

Zulo baten bila abiaturik egindako bidaia da KAREAK ERRE EZ DUENA emanaldi poetikoa.

Eta ibilian, bideak agerian jarriko dizkio bakoitzari bere baitan daramatzanak.

Bila hasiz gero, gainera, zulo bat inoiz ez dator bakarrik…

eta zulo gehiagorekin topo egingo dugu.

Kontakizuna, poesia, bideoa, musika, kantua eta dantza

batzen dituen emanaldia da KAREAK ERRE EZ DUENA,

behin bakarrik egingo dena (Tolosan urriaren 11n).


’77’ diskoaren teaserra

agosto 10, 2013

Teaserraren egilea: Angel Aldarondo.


#BideErtzean77

agosto 7, 2013

Imagen

2012.03.08 Ezkio-Itsaso

Gaur 35 urte hil zituzten Sebas eta Zaharra. Ezkio-Itsason, Zumarragarako bidean. Guardia Zibilaren kontrol batean.

Osaba genuen Sebastian Goikoetxea Mariezkurrena, gure amaren anaia gazteena. Ibartarra, 29 urtekoa. ETA-PMko kide, antza denez.

Geroztik, urteurrenean, omenaldia egiten diote Ibarran. Omenaldi horretara hurbildu aurretik baina, Ezkio-Itsasora joaten gara etxekoak. Sebasek azken hatsa hartu zuen errepide bazterrera. Hantxe elkartzen gara Ubeda Goikoetxea sendikoak.

Pankarta lurrari lotu, loreak ipini eta ohiko errezoa egin dute amak eta izebak. Ondoan egokitu zait Xuban, zazpi urteko iloba. Pankartako argazki oinetan erreparatu du.

– 1977 martxoak 8. 1977 martxoak 8. Biak egun berean hil ziren.
– Bai, hemen bertan, erantzun diot.
– Hemen, non? Juxtu hemen?
– Bai.
– Eta nola?, Xubanek begirada nigana zuzenduz.

Ez da segundu bat ere pasa, eta jolaserako bidea hartu du. Sara, Uxue eta Iratirekin batu da, ziztu bizian. Aurpegian sumatuko zidan zerbait.

Zalantzak izan ditugu azken boladan. Sebas eta Zaharraz, 70eko hamarkadaz, azken urteotan bizi izan dugun gatazkaz… Kontu horietaz idazten aritu gara azkenaldian. Pilatzen ari zaizkigun abesti horiei bidea zabaldu ala bestelako doinu batzuei ekin. Horra gure zalantzaren muina.

Ezkio-Itsasotik bueltan, ordea, oso argi ikusi dut. Gure «memoriaren mapa» osatzeke dago oraindik. Ate joka ditugun kantu horiei bidea egiten utzi behar diegu. Ondu eta, zergatik ez, argitara eman.

———————–

2013.08.07 Ibarra

Aurreko pasarte hori, Ezkio-Itsasotik iritsi berritan idatzia dago. Orain, lerro horiek idatzi zirenetik urte eta erdi igaro denean, zera esan nahi genuke post honen bidez: «77» izango dela Bide Ertzean taldearen disko berriaren izenburua. Jada amaituta dago eta fabrikan da egunotan.

«77» diskoaren grabazioan, Jordi Mora aritu da soinu-hartzaile lanetan eta Suso Saizek egin ditu ekoizle lanak. Los Planetas, Piratas, Marlango, Javier Alvarez, Diego Vasallo, Ivan Ferreiro, Cristina Lliso (Esclarecidos)… Asko dira Suso Saizekin lan egin duten artistak.

Lan berri hau hirukote moduan grabatu dugu Karlosek, Jonik eta hiruok. Bira berrian ere halaxe arituko gara.

Gaztelupeko Hotsak zigiluak plazaratuko du «77» diskoa eta, okerrik ez bada behintzat, irailaren erdialdean ikusiko du argia.

Xehetasun gehiago emango ditugu diskoa aurkezteko eskainiko dugun prentsaurrekoan. Laster emango dugu deialdi hori aditzera. Web orria ere berritu dugu eta hori ere, segituan, irailaren hasieran jarriko dugu berriro martxan (www.bidertzean.com helbidean).

Laster arte. Bien bitartean, itzaletik ibili!

Imanol Ubeda


«Joan zinetenetik» abestiaren demo-a

julio 18, 2013

ez zaitut abandonatuko

Ez dugu beti elkar asmatzen. Zer egin, nola… Zalantzak batzen gaitu. Baina nahikoa argi daukagu zer ez dugun egin nahi. Eta akaso horregatik, beti topatzen dugu nondik jo. Nora bideratu. Norekin elkartu.
Euskal Idazleen Elkartearen (EIE) proposamen bat jaso genuen iaz. Garai honetan izango zen. Donostiako Poesia Orduak zikloan partehartzeko gonbitea luzatu ziguten. Ezin zuen beste emanaldi bat gehiago izan. Zikloaren izaerak berak beste zer edozer eskatzen zuen. Eta guk baietz erantzun. Betiko planteamendutik aldentzen diren proposamenak pizgarriak izaten baitira. Ezohikoaren xarma.
Jose Luis Otamendiren poesia izango da Jon Benito eta Bide Ertzean batzen dituen elementurik garrantzitsuena. Urolako poetari aitortza modukoa egiteko baliatu genuen, hain zuzen, EIEren eskutik iritsi zitzaigun eskaera. Horrela abiarazi genuen “Ez zaitut abandonatuko” sentikaria. Donostian eskaini genuen lehen saio hura, bistan denez, Otamendiren hitzekin eta doinuekin osatu genuen (eta haren bezperan, entsegu moduan Tolosako Mescal tabernan eskaini genuena ere).
Zarautzen, Lekeition, Alegian eta Larrabetzuko Literaturian aritu gara ondoren (Donostiako HerriHarresian ere izan ginen, saio txiki bat eskaini genuen Bulebarrean). Abandonatuko ez dugun poetari gure maitasun betierekoa aitortu eta gero, beste poema batzuk, beste poeta batzuk eta beste doinu batzuk biltzen hasi ginen.
Inoiz ez dugu emanaldi bera errepikatu. Egia da ez direla saio asko izan. Baina egin ditugun guztiak ezberdinak izan dira. Ibilian ibilian, Jon Benito eta Bide Ertzeanen bideak ere gurutzatu dira. “Ez zaitut abandonatuko” sentikariaren azken bi saioetan, ‘Joan zinetenetik’ kantua eskaini dugu. Idazle zarauztarraren Bulkada (Susa, 2010) poesia liburuko poema bat du abiapuntu abestiak. Hemen duzue demo bat: (Imanolek) erritmo kutxa batekin egina eta zortzi pistako grabagailu batean jasoa.

https://soundcloud.com/bide-ertzean/joan-zinetenetik-demo

EzZaitutLarrabetzu
Larrabetzuko Literaturian izan zirenak, akaso, akordatuko dira. Joan zinetenetik / udan ere negu da dio poemak, eta ekaineko egun haiek ere halakoak izan ziren, euritsuak, hotzak, negu girokoak. Gaztetxeko giroa ordea, beroa izan zen. Eta saio ondorena, gogoangarria.

PD: “Ez zaitut abandonatuko” sentikaria, irailaren 17an asteartea Bilboko BBK aretoan. Jornadas de Poesia Vasca delako jardunaldien baitan.


Hain makurra da dena oraindik

abril 3, 2013

Aste Santua. Opor egunak dituzu, baina ez zara inora joan. Etxe inguruan geratu zara. Ostiral Santuan izebarengana joan zara bazkaltzera. Sartu eta berehala hasi zaizu hizketan, adinduek urduri jartzen direnean egiten duten moduan. Nahasi antzean. Ez duzu gauza handirik ulertu hasieran. “Que han aparecido unos cuerpos en Alsasua, a ver si te enteras de algo más”. Bere aitonaz ari zaizu. Birraitonaz, alegia.
Izebaren mandatuari jarraituz, hasi zara eskuko telefonotik han eta hemen begira.

Gerra Zibileko 10 fusilaturen gorpuak aurkitu dituzte Urbasan

Espainiako Gerra Zibilean hildako 10 lagunen gorpuak aurkitu dituzte orain arte Urbasako mendikatean, Aranzadi Zientzia Elkarteak abiatutako indusketetan. 1936an hildako Balbino Garcia de Albizuren ilobak aitonaren gorputza lurpetik ateratzeko eskaera egin ostean, elkarte hori zonaldean hondeatzen hasi da.
Laster, gorpuzki gehiago aurkitu dituzte, eta identifikazioa egin ostean, hamar lagunen gorpuzkiak direla ondorioztatu dute. Horietako hiruk tiro zauriak zituzten buruan. Adituek diotenez, litekeena da 1936an fusilatuak izatea eta, ondoren, amildegira bota izana.

Tragediaren sinbolo
Aurkitutako objektuen artean lapitz bat dago, familia hauen borrokaren sinbolo bihurtu dena. «Lapitz honekin, jabeak ideiak eta sentimenduak adierazi zituen, eta hori guztia altxamendu militarrarekin amaitu zen», azaldu du Paco Etxebarria Aranzadi Elkarteko presidenteak, «guztien tragediaren isla da lapitz hau, eta orain, XXI. mendean, istorio hau idazten jarraitzea gure ardura da: hori da garrantzitsuena» (…).

Senitartekoen laguntza
Lur azpitik 10 metrora, arkeologoak lana zorrotza ari dira egiten. Aurkitutako objektu eta arropa guztiak ari dira aztertzen hildakoaren identitatearen gainean informazioa eskaini ditzaketelako. Amildegitik ateratako hezurrak laborategira eramango dituzte eta bertan, senitartekoen laguntzarekin, gorpuzkiak identifikatuko dituzte.

Olga Alcega Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko presidenteak azaldu duenez, «ilusioa handia da, baina mina ere handia da; hezurrak eta tiroak ikusteak mina eragiten digu, baina aldi berean ilusio handia da, urteak daramatzagulako senitartekoak bilatzen». «Haiek berreskuratzeak esanahi handia dauka guretzako», ondorioztatu du Alcegak.
Iturria: eitb.com

Urbasa1

Oporrak amaitu berri, Asociación de Familiares de Fusilados y Desaparecidos de Navarra 1936 elkartekoekin jarri zara harremanetan. Gorpuzkinekin batera zakurren hezurrak ere badirela adierazi dizute. Zakurrak bizirik botako zituztela seguruenik, hezurrak kraskatuta ageri direlako. Errepublizaleen arrastorik gera ez zedin, horregatik bota zituztela zakurrak bizirik. Hasieran ez zara jabetu. Ondoren jarri zaizu espantu aurpegia, telefonoa eskegi eta hitz egindakoa paper mutur batean idazten hasi zarenean. Igual oker daude, pentsatu duzu. Baina ezin izan duzu irudia burutik kendu.

Dena den, itxaropena ez galtzeko, hori ere esan dizu fusilatuen senideen elkarteko kideak. Akaso gorpuzkin horietako bat izan daitekeela birraitonarena. Hori jakiteko, ordea, ahalik eta informazio gehien beharko dutela Aranzadikoek. Lanbidea eta adina, bereziki. “Abarkekin agertu den bat, nekez izan daiteke epaitegiko idazkari”, hala esan dizu. Eta horixe zen birraitona. José Ubeda Sánchez. Altsasuko epaitegiko idazkari, UGTko kide. 51 urterekin atxilo eraman zuten eta Urbasan desagerrarazi ei zuten.

Navarra 1936, de la esperanza al terror (Altaffaylla Kultur Taldea, 1986) liburuan topatu duzu birraitonaren adina. Non dira (Gaztelupeko Hotsak, 2006) diskoa prestatzerakoan, hainbatetan orrikatu zenuen liburuan. Ia ahazturik zenuen beste pasarte ikaragarri bat ere irakurri duzu, berriro: “Quizás, para evitar el inconveniente de los enterramientos, en días posteriores se suceden asesinatos en Alsasua con una crueldad desconocida hasta entonces: los detenidos son arrojados, algunos de ellos simplemente heridos, a las simas de Urbasa. Corrieron esta triste suerte Emilio García, Adelino Gil, un vendedor de periódicos medio ciego y que al parecer confundieron con José Ubeda Sánchez que arrojaron a la sima al día siguiente; Víctor Urquijo, padre de ocho hijos y destacado socialista, al que sacaron de la fábrica de cementos y lo llevaron derecho a la sima”.

Urbasa2

Betidanik entzun duzu etxean. Jende asko bota zutela Urbasako amildegietan behera. Orain atera dituzte hamar gorpuren arrastoak. Baina berrehundik gora izan daitezkeela, leize horietan barrena bota zituztenak. Zergatik ez da horrelako aurkikuntzarik abiarazi lehenago? Non izan dira orain arte instituzioak? Eta zertan dira instituzio publiko horiek oraintxe bertan? Nafarroakoak zein Espainiakoak? Babesa agertzera azaldu al dira sikiera? Desagertutako eta fusilatutakoen senitartekoen elkartea da egunotan Urbasakoa ikertzen ari dena; eta bere aginduz, Aranzadi elkartea da lanean ari dena. Kito.

36ko gerra bolo-bolo dabil oraindik hedabideetan. Eta egia da, sentsibilizazio mailan urrats handiak eman dira. Baina praktikan, gauzak ez dira hainbeste aldatu. Egunak badoaz, ordea, gero eta zaharragoak dira izeba eta aita, eta gero eta astunagoa zaie hau guztia. Baina ez dute etsi nahi. Ezin dute. Aitonaren gorpuzkinak isiltasunaren leizetik atera eta etxekoekin batera hilobiratu nahi dituzte, duintasunez. Hori baino ez dute nahi. Ez da hainbeste. Baina oraindik ere, hain makurra da dena.


Belarmiñak, Joxi Ubedaren musika egitasmo berria

marzo 21, 2013

Hasiera hasieran, Joxi baino ez zen… Gero etorri ginen besteak. Ekimen berri batekin dator orain Joxi Ubeda. Ibarran egingo du aurkezpen «ofiziala». Hauxe kartela. Belarmiñak entzuteko gogoz, aupa Joxi!!

Imagen

Joxi Ubeda kitarra akustikoarekin eta kantuan arituko den bitartean, Lobo Electrico taldeko kitarrista Iki Polikik kitarra elektrikoarekin lagunduko dio. Subegi elkartean abiatuko da egitasmo berria, han eta hemengo taula-gainetan segida izateko.

Joxi Ubeda

Joxi Ubeda, kantaria eta gitarra jolea Belarmiñak egitasmoan.

Iker Lopez

Iki Poliki (Iker Lopez), Belarmiñak taldeko gitarrajolea.

Esan beharrik ez dago Joxi Ubeda Toxic twinsen anaia dela, anaia zaharrena hain zuzen. Musikan egin dugun ibilbidearen erantzuletakoa bera da, zalantzarik gabe. Txikitan haren diskoak entzunez, haren afizioa gure egin genuen. Punk eztanda hartan egin zuen musika ibilbidea gertutik jarraitu genuen ere. Ume mukizuak ginela (13-16 urte) Tortura Sistematica edota Bukaera taldearen (Baxi Jupiter Jon taldekoa, gure beste anaia,  taldeko kide zen) kontzertuetara joaten ginen. Aho zabalik geratzen ginen talde haiei begira. Oso oso gazte ginela ezagutu genituen Andoaingo, Alegiko, Txaramako edota Tolosako gaztetxe mitikoak.

1989. urtea izango zen Tolosako San Esteban auzoan Toxic anaiak Joxi anaiaren entsealekura lehen aldiz musika egitera sartu ginenean. Hark bateriaren makilak hartu zituen, Imak kitarra eta mikroa ta Jonik baxua. Ez zen entsegu bakarra izan, hurrengoetarako ordea Tolosako dultzaineroekin atabala jotzen zebilen Inigo Arruti deitu genuen baterian aritzeko. Eta lehen pausu haietatik sortu zen gerora Deabruak Teilatuetan.

Hasiera haiek gogoan… berriro hasteko aukera duena Joxi Ubeda anaia da. Long life Belarmiñak!


Udaberriaren atarian, udazkenean pentsatzen…

marzo 13, 2013

bide ertzean

Orain urtebete izan zen. Donostiako Kursaalen eskaini genuen kontzertuarekin, bukatutzat eman genuen Don Inorrez bira. Beno, ez zen guztiz zuzena izan agur moduko hura. Hirukote bezala hainbat saio eman genituen ondoren, Euskal Herritik kanpo denak ere.
Denbora honetan guztian, «Ez zaitut abandonatuko» sentikaria abiarazi dugu Jon Benito idazlearekin (laster emango dugu aditzera beste emanaldiren bat).
Ah, kantu berri batzuk ere egin ditugu. Eta hori da, hain zuzen, gaurko idatziaren xedea: 2013ko udazkenean, disko berri bat plazaratuko du Bide Ertzean taldeak.
Oso pozik gaude abesti berriekin, gauza asko ditugu kontatzeko gainera, eta azalpenak emateko irrikitan gaude! Baina lanak ez ditugu oraindik amaitu. Dena den, xehetasun gehiago emateko moduan izango gara epe laburrean. Bien bitartean, segi bizkor lagunok!

PD: Zin dagigu eta hitza ematen dugu maizago berrituko dugula blog hau. Beno, ahal dugun heinean behintzat bai.

Argazkia: L. Mitxelena.


Iritsi dira notiziak

septiembre 18, 2012

Martxoaren lehenean amaitu zen Don Inorrez bira. Disko berri bat argitaratu bitartean, itzaleko lanetan aritzeko asmoa genuela azaldu genuen. Edo antzeko zerbait behintzat. Eta neurri batean, hala izan da. Disko berria izango dena prestatzen aritu gara uda partean eta, gauzak ondo bidean, 2013an ikusiko du argia Bide Ertzean taldearen lan berriak. Baina horri buruzko xehetasunak aurrerago emango ditugu.
Bestelako zereginetan bagabiltza azken bolada honetan eta horiek partekatu nahiko genituzke zuekin.

«Ez zaitut abandonatuko» sentikaria
Iragan udaberrian, Don Inorrez birari agur esan berritan, proposamen interesgarriak jaso genituen. Ezin ezetz esateko modukoak.
Bat dagoeneko burutu dugu: «Ez zaitut abandonatuko» sentikaria, Jon Benito idazle zarauztarrarekin batera taularatu duguna. Donostia Kultura eta Euskal Idazleen Elkartearen enkarguari gustura heldu genion eta, azken asteotan, hainbat saio egin ditugu (Tolosako Mescalen, Zarauzko Sortaldean eta Donostiako Victoria Eugenia Clubean). Galdu zenutenok, lasai. Beste saioren bat egiteko aukera egon daiteke. Hala bada, gu pozik! Emanaldi berririk balitz, jakinaraziko genuke hemen.

«Artistas en Ruta» bira
Bigarren proposamena Madril aldetik iritsi zen. AIE elkarteak «Artistas en Ruta» delako zikloa kudeatzen du (aurten, Etxepare Institutuarekin batera). Hiru hilabetez behin edo, epaimahai batek hainbat talde aukeratzen ditu. Ba 2012ko udazken-neguko zikloa osatzeko, Bide Ertzean izan da aukeratu duten taldeetako bat. Honi esker, lau kontzertu hauek eskainiko ditugu laster, Trio moduan:

2012.X.03 La Boca del Lobo, Madrid. 21:30h
2012.X.05 The Irish Rover, Salamanca. 22:00h
2012.X.19 Sala Baranda, O Barco (Ourense). 23:30h
2012.X.21 Harlem Jazz Club, Barcelona. 22:30h lehen saioa / 23:30h bigarren saioa

Madril, Salamanca, O Barco (Ourense) edo Bartzelonara hurbiltzen bazarete, trago bat gure kontu! Bestela ere, ikasketak edo lan kontuak tarteko, handik dabiltzanei abisua pasatzen badiezue, fabore galanta egingo zenigukete.

Besterik ez oraingoz. Besarkada bana eta laster arte! Nobedade gehiago ere izango dira laster batean, baina horiek aurrerago kontatuko ditugu.